´Gure Oroitzapenak´ filma Habanako zinema jaialdian

2018/12/07

Euskara. Kultura. Mundura.

Abenduaren 6an hasiko da Zinema Latino-amerikar Berriaren Nazioarteko Jaialdia, Habanako Zinema Jaialdia izenez ezagunagoa dena; eta hilaren 16ra bitarte iraungo du. Bertan, euskal zinemagintzaren lan batzuk proiektatuko dituzte egunotan, horien artean, Gure Oroitzapenak filma. Mikel Arredondo, filmaren ekoizlea, bertan izango da pelikula aurkezten.

Gure Oroitzapenak, Joseba Sarrionandia idazlearen bizitza eta literatura islatzen duten 12 film laburrez osatutako lana da. Filma ekoitzi duen Adabaki ekoiztetxeak bere webgunean dioen moduan, “Sarrionandia luzaro irudirik gabeko poeta izan da”, eta ausentzia horri konponbidea emateko, iruditan agertu nahi izan dute autorea, bere poema eta ipuinak pantailara eramanez. Lan honetan, Euskal Herriko eta beste hainbat herrialdetako 12 zinemagilek parte hartu dute, eta bakoitzak Sarrionandiaren istorio bat begirada propioarekin kontatu du. Hauexek dira zuzendariak: Oskar Alegria, Öscan Alper, Asier Altuna, Mireia Gabilondo, Eugène Green, Itziar Leemans, Josu Martinez, Fermin Muguruza, Ane Muñoz, Maider Oleaga, Carlos Quintela eta Maialen Sarasua Oliden.

Filma bi bider emango dute Habanako Zinema Jaialdiaren baitan, Otras Latitudes izeneko sailan: bata abenduaren 9an, igandea, gaueko 22:30etan Acapulco aretoan; eta bestea abenduaren 10ean, astelehena, arratsaldeko 15:00etan Riviera aretoan. Mikel Arredondo, filmaren ekoizleetako bat, bertan izango da, eta lana aurkeztuko du jendaurrean, Joseba Sarrionandia berarekin eta Angel Azkarraga "Matxitxa" manager ohiarekin batera.

Tartean, Gure Oroitzapenak lanaren parte izan den zuzendarietako batek, Fermin Muguruzak alegia, beste pelikula bat aurkeztuko du Kubako hiriburuan. Euskal Herrian sona izan duen Black is Beltza filma izango da hori.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu