Gutun Zuria Bilbao: Euskal Herriaren eta Japoniaren arteko komiki trukea

Euskara. Kultura. Mundura.

  • 01
    Api 2023
    Bilbo

Gutun Zuria, Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdia, martxoaren 28tik apirilaren 1era egingo da Bilboko Azkuna Zentroan. ‘Idatzi / Editatu / Irakurri’ izenburupean, 2023ko edizioak egungo gizartearen ezaugarri diren aldiberekotasun eta ugaritasunaren premisa hartzen du abiapuntu, idazketa, edizioa eta irakurketa prozesuari erreparatuz.

Jaialdiko programazioaren barruan Euskadiren eta Japoniaren arteko komikia eta kultur trukea izango dira, Etxepare Euskal Institutuak zuzendutako ‘Manga da ma(h)uka: EH-Japonia komikitan’ saioaren bitartez. Saioa apirilaren 1ean egingo da, 12:00etan, Azkuna Zentroko Kubo Baltzan.

Saio horretan Hiromi Yoshida ‘Black is Beltza’-ren itzultzaileak, Koro Muro Harrieten editoreak eta Josevisky (Joseba Larratxe) komikigileak hartuko dute parte. Ainara Azpiazu - Axpi ilustratzaileak moderatuko saioa.

Bertan, saioko parte hartzaileek azken urteotan komikiak euskal eta japoniar kulturen eta literaturaren arteko harremana nola indartu duen aztertuko dute. Ekimen honek urte osoan zehar gertatuko den Euskadi-Japonia truke kulturaleko proiektuarekin bat egiten du, hainbat diziplina artistiko eta kulturalen bidez, eta Gutun Zuria Bilbao jaialdiak ere bat egiten du proiektuarekin.

Literatura obra baten itzulpen lanak, ezagutza linguistikoa eta kulturala izatea eskatzen du; izan ere, bi hizkuntzen arteko hizkuntza-baliokidetasunak bilatzetik haratago doan jarduera da. Saio honetan, Etxepare Euskal Institutuak literatura sormen prozesu honen gakoak aurkeztuko ditu komikien itzulpenean oinarrituta.

Itzulpen literarioa da, hain zuzen ere, Etxepare Euskal Institutuak euskararen eta euskal kulturaren nazioarteko sustapenari begira egiten duen lanaren zutabeetako bat, itzulpenak euskal literaturaren nazioarteko hedapenerako zubi direla ulertuta.

Saiorako sarrera doakoa da, eta Azkuna Zentroaren webgunean erreserbatu daiteke. 

Euskadi – Japonia

Gutun Zuria jaialdian programatutako jarduera hau 2023an Euskadi eta Japoniaren artean egingo den truke kulturalaren barruan kokatzen da. Euskadi – Japonia 2023 ekimenak herrialde horrekiko harremanak sendotu nahi ditu, Euskadiren nazioartekotze-estrategian lehentasunezkoa baita. Bi herrialdeetako eragile eta arduradun politikoen bisita eta bilerei esker azken urteotan lankidetza-bideak ireki ondoren, ekimen aitzindari honek alde biko proiektuak sustatuko ditu, bai Japonian, bai Euskadin, hainbat jarduera-eremutan: erakundeak, ekonomia, enpresa, kultura, gastronomia, turismoa...

Kultur alorrean, Etxepare Euskal Institutuak eta Japan Foundationek bi herrialdeen arteko joan-etorriko proiektuak garatzeko erraztasunak jarriko dituzte.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu