Hainbat kultur ekitaldi bertan behera, COVID-19 birusaren eraginez

Euskara. Kultura. Mundura.

2020-03-17

Jakina da egunotan COVID-19 edo Coronavirusak eragindako larrialdi-egoerak hainbat herrialdetako biztanleriaren egunerokoa, ekonomiatik hasita aisialdiraino, errotik aldarazi duela. Era berean, Etxepare Euskal Institutuaren partehartzea duten nazioarteko hainbat kultur ekitaldi, azoka profesional edota jaialdi bertan behera geratu edo atzeratu egin dira. 

Pasa den asterako programatuta zeuden bi sari-banaketa, martxoaren 10 eta 11n hurrenez hurren ospatzekoak ziren Musika Bulegoa Sariak eta MIN Sariak, atzeratuta geratu dira oraingoz. Lehenengoan, Institutuak Euskal Herriko Musika Bulegoaren Etxepare Saria eman ohi dio urte bakoitzean nazioartean euskal hizkuntza eta kultura zabaltzen lagundu duen talde bati. Bigarrenaren kasuan, Institutuak Euskarazko Album Onenaren Saria eskaini behar zuen, eta oraindik data zehaztu gabe duen ekitaldian honako bost taldeetatik batek eramango du sari hori:  Doctor Deseo, Maite Larburu, Niña Coyote eta Chico Tornado, Zea Mays edota Zetak. 

Horrez gain, hurrengo astean ospatzekoak ziren bi zinema jaialdi bertan behera geratu dira denboraldi baterako. Bata, martxoaren 26an hastekoa zen Nantesko Festival du Cinéma Espagnol Jaialdiko Euskal Leihoa da. 20 urte betetzen zituen leihoak aurten, eta bertan denera 18 euskal film luze eta Kimuak 2019 katalogoa zeuden aurreikusita. Bestea, hurrengo astean hastekoa zen Malagako Zinema Jaialdia edo MAFIZ da, zeinaren Industry Zone izeneko azokan Basque Audiovisual-ek ohi bezala standa antolatu behar baitzuen.  

Apirilerako programatuta zeuden beste hainbat ekitaldi ere bertan behera geratu dira oraingoz. Horietako bat, telebista eta eduki digitalen Cannesko MIPTV azoka, data berririk iragarri gabe ezeztatu dute. Halaber, Bolonian egin ohi den Haurrentzako Literatura Jaialdiak ere Coronavirusaren eragina neutralizatu arte itxaron beharko du berriro ekiteko.

Unibertsitateek ere pairatu dute COVID-19 birusaren eragina euren programazioetan. Euskara eta euskal kultura irakurletzei dagokionez, unibertsitateek ateak itxi dituztenez, planteatutako ekintzak nola gauzatu pentsatzen ari dira, eta baliteke saioak online bidez egitea edota irailera bitarte saioak bertan behera geratzea. Euskal ikasketen katedren kasuan, halaber, hainbat ziren garai hauetan programazioa martxan jarriko zutenak, eta egoerak saio horiek bertan behera uztera edota atzeratzera behartu dituztenak. Martxoaren amaieran hastekoa zen Chicagoko Unibertsitateko Koldo Mitxelena Katedraren programa akademikoa 2021. urtera atzeratuko dute; garai bererako pogramatutako Boiseko Unibertsitateko Eloise Garmendia Katedrarena ere, momentuz, bertan behera utzi eta harekin zer egin eztabaidatzen ari dira; eta, azkenik, Jean Haritschelhar Katedrak apirilaren 6rako zehaztua zuen Bordeleko ekitaldia datarik gabe atzeratuta geratu da, eta Baionan maiatzaren 7rako programatutako ekitaldiarekin zer egingo den ez da erabaki oraindik. 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu