HanHemen plataforma sortu dute nazioarteko diaspora saretzeko asmoz
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal komunitate globalaren espazio digitala da HanHemen, euskaldunak mundu mailan konektatzeko sare soziala. Eusko Jaurlaritzak sustatutako egitasmoaren helburua da euskaldun guztien esperientziak konektatzea eta informazioa zein baliabideak partekatzea, lekua edozein dela ere. Euskaldunek mundu globala nola bizi duten zabaldu nahi dute, nazioartea aztertu eta bizi.
Askotariko esperientziak, proiektuak, egoerak, emozioak eta motibazioak partekatuko dituen egitasmoa da. Aplikazioaren ezaugarri nagusiak dira pertsonen hiperkonektibitatearen erabilera etiko eta jasangarria; ekosistema ireki eta parte-hartzailea dela; eta espazio bizia, interaktiboa eta dinamikoa dela.
Urtarrilean euskal diasporaren informazioa jasotzeko galdetegia zabaldu zuten, elkarrekin konektatuta dagoen eta parte-hartzailea izango den komunitate digitala indartzeko. Webgunea prest dago, eta sare sozialetako kanalak ere erabilgarri daude proiektuaren berri emateko: Twitter, Facebook eta Instagrameko kontuak.