Iñaki Salvadorrek Laboa omenduko du Kanazawa Jazz Street jaialdian

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-09-12

Iñaki Salvador musikaria eta bere banda Japoniako Kanazawa hirian egiten den Kanazawa Jazz Street jaialdian izango dira, eta irailaren 14ean eta 16an kontzertu bana eskainiko dute. Salvadorrek trio formatuan 2010. urtean argitaratutako Lilurarik ez – Mikel Laboarekin solasean diskoko abestiak interpretatuko dituzte kontzertu horietan.

Iñaki Salvador musikaria eta bere banda Japoniako Kanazawa hirian egiten den Kanazawa Jazz Street jaialdian izango dira, eta irailaren 14ean eta 16an kontzertu bana eskainiko dute. Salvadorrek trio formatuan 2010. urtean argitaratutako Lilurarik ez – Mikel Laboarekin solasean diskoko abestiak interpretatuko dituzte kontzertu horietan.

Japoniara eramango duen ikuskizuna interpretatzeko, Ainara Ortega, Maria Berasarte, Angel Unzu, Javier Mayor eta Aitor Bravo musikariak eramango ditu berarekin Salvadorrek. Mikel Laboaren musikari izan ostean, bere omenez atera zuen Lilurarik ez – Mikel Laboarekin solasean diskoan oinarrituta, Laboa Jazz izeneko ikuskizuna prestatu dute Kanazawan eskaintzeko. Bertan, musikari mitikoaren abestirik esanguratsuenak jazz ukituarekin berrinterpretatuko dituzte. Oyama tenpluaren ondoan jarriko duten kaleko eszenatokian izango da kontzertua, arratsaldeko 17:30ean.

Iñaki Salvador musikariak (Donostia, 1962) formakuntza musika klasikoan duen arren, jazz musikaren alorrean eman ditu bere karrerako pausu gehienak. Konposizio lanetan aritu da hainbat konpainiarentzat; eta, horrez gain, bere jazz banda propioen lidergoa darama. Gaur egun jazz piano irakaslea ere bada Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegian.

Kanazawa Jazz Street jaialdiak, 2009. urtean sortuak, 11. edizioa izango du aurten eta irailaren 14tik 16ra bitartean egingo da. Bertan, Japoniako eta mundu-mailako jazz musikari esanguratsuak biltzen dira, 200tik gora kaleko ikuskizun eskainiz, eta 100.000 bat bisitari erakartzen ditu jaialdiak urtero. Hiru egunez, japoniar hiriko kale bazterrak jazz musikaz beteko dira, baita hiriko zenbait areto ere. Kontzertuez gain, tailerrak eta bestelako ekintzak ere egingo dira egunotan.

Iñaki Salvadorrek Kanazawa Jazz Street jaialdian eskainiko dituen kontzertuak Etxepare Euskal Institutuak sustatuak izan dira.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu