Irene Larraza: “BIKAIN saria jasotzea egindako lanaren ondorioa da, ez zen helburua”
Euskara. Kultura. Mundura.
Urtearen amaiera gertu dela eta, burututako ibilbidearen balantzea egiteko unea iritsi da. 2019a aurrerapausoz eta ekintza bereziz betetako urtea izan da, Etxepare Euskal Institutuaren (aurrerantzean EEI) egunerokoan aldaketa asko suposatu dituena. Institutuko zuzendari Irene Larrazarekin hitz egin dugu egindako lanari eta jasotako fruituei buruz.
Urtearen amaiera gertu dela eta, burututako ibilbidearen balantzea egiteko unea iritsi da. 2019a aurrerapausoz eta ekintza bereziz betetako urtea izan da, Etxepare Euskal Institutuaren (aurrerantzean EEI) egunerokoan aldaketa asko suposatu dituena. Institutuko zuzendari Irene Larrazarekin hitz egin dugu egindako lanari eta jasotako fruituei buruz.
Aurten ere, EEIk lan handia egin du euskal arte diziplinak nazioarteko jaialdi eta azoketara eramaten. Aurrerapausorik egin al da esparru honetan 2019an?
EEIn funtsean bi modu ditugu euskal sorkuntza nazioartekotzeko: bata, sortzaileen euren lanari mugikortasunerako laguntzak ematea eta, bestea, guk geuk nazioartean euskal leihoak sortzea, estrategikoki garrantzitsuak diren lurralde eta ekitaldietan. Ildo horretan aurrerapauso handiak eman dira aurten, eta beste batzuk garapen prozesuan daude, aurrerago martxan jartzeko. Arte plastiko eta ikusizkoen esparruan, adibidez, ZABAL estrategia jarri dugu martxan, zeinaren funtsa den nazioarteko bienaletako arduradun eta komisarioak hona ekartzea hemengo artea ezagutu eta bertara eraman dezaten.
Euskal leihoekin jarraituz, aurtengoa urte berezia izan da #ScotlandGoesBasque programa garatu delako. Finkatutako helburuak bete al ditu?
Guztiz. Proiektu honen jatorria, 2017an egin genuen egitasmo estrategikoaren hausnarketa batetik dator, zeinetan identifikatu genuen euskal sorkuntzaren indarra leku jakin batean kontzentratzeko beharra. Gure estrategia Eskoziako jaialdietan zentratu da batik bat; Edinburgok, batez ere, nazioarteko izaera duten jaialdiak dituelako, eta euren eragina ez delako Eskoziara bakarrik mugatzen, Europa osora baizik. Kontuan hartuta beti ere euskal sorkuntzaren oparotasunaren lagin bat eraman dugula, nik uste ondo islatu dela gaur egun gure kulturak duen potentziala.
Egitasmoaren beste helburuetako bat zen lankidetzarako zubiak ezartzea euskal zein eskoziar sortzaile, eragile eta erakundeen artean. Asmo hori bete al da?
Gure helburu nagusia da gure kultura kanpoan ezagutaraztea; baina egia da hori egiteko askotan interesgarria dela joan-etorriko dinamikak edota kulturen arteko harremanak bultzatzea. Hizkuntza eta kultura propioa izatearen berezitasun hori elkartzeko erabili nahi dugu, ez bereizteko, eta konexio hori bereziki errez lortzen da gurea eta eskoziera bezalako hizkuntza gutxituekin. Hala, hainbat ekintzak izan dute joan-etorriko bidaia egitasmo honi esker: Atlantik 1050 eskoziar eta euskal dantzen ikuskizunak, Chejov vs Shakespeare gutun bidezko elkarrizketaren proiektuak eta Throwing Voices poesia eta musika jarduerak, besteak beste.
Etorkizunera begira ze asmo dituzue beste herrialde batzuekin?
Hurrengo urterako, Quebecekin antolatzen ari gara egitasmo estrategiko honen hurrengo urratsa. Aurtengo jardunak erakutsi digu ezin dugula leku guztietan estrategia berdina jarraitu, lurralde bakoitzak idiosinkrasia propioa duelako. Horregatik, Quebec-ekin izango dugun harremanaren oinarrietako bat da joan-etorriko izaera hori hasieratik edukiko duela. Dagoeneko antolatu dugu topaketa bat 2019an hango eta hemengo eragileen artean; eta badira beste egitasmo batzuk honezkero martxan daudenak. 2020-2021 urteetan ikusiko dugu lan horren guztiaren emaitza.
Unibertsitateen esparruan ere aurrerapausoak eman dira urte honetan; adibide garbiena, 9. katedra jarri dela martxan: Argentinako Amale Artetxe Katedra. Zein da euskara eta euskal kulturaren irakaskuntzaren egoera nazioartean?
Amale Artetxe Katedra zabaltzea urteko mugarrietako bat izan da. Buenos Airesen aurkeztu da, baina Argentinako unibertsitate ezberdinetan gertatuko da; izan ere, CONICET erakundearekin sinatu genuen hitzarmena, ez unibertsitate zehatz batekin, eta urtero lekuz aldatzen joango da. Bazen garaia Hego Amerikan Katedra bat sortzeko, zehazki Argentinan; bertakoa baita euskal diasporarik indartsuena.
Euskara Munduan programa ere garrantzitsua izan da aurten: 2018an hasi ginen Euskal Etxeetan euskara ikastaroak antolatzea helburu zuen programa honekin lanean, baina 2019an ehuneko ehunean hartu dugu haren ardura. Aipatzea falta zaidan Irakurletza sarearekin batera, esango nuke 2019an zehar nazioartean euskara eta euskal kulturaren irakaskuntzaren egoera asko indartu dela.
Institutuak ere aitorpena jaso du eguneroko jardunarengatik: euskararen normalizazioa saritzen duen BIKAIN ziurtagiria jaso du. Etorkizunerako zein beste erronka dituzue euskararen normalizazioan eta zabalkundean?
BIKAIN ziurtagiriak badu alderdi ikusgarri bat, agiria eszenatoki gainean jasotzen duzun momentu hori, alegia. Baina BIKAIN saria jasotzea egindako lanaren ondorio bat da, ez helburu nagusia. Gure kasuan, azterketa egin nahi izan diogu gure buruari, gure lana hobetzeko; eta aurkitu dugu zer hobetua. Jarraituko dugu normalizazioaren bidean lanean; ez bakarrik euskararen esparruan, baita berdintasunarenean ere, hurrengo urtean martxan jarriko dugun Berdintasun Planarekin. Iruditzen zaigu euskal erakunde bezala horretan eredugarri izan beharko genukeela.