Itzulpengintzari buruzko topaketak Polonian

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-11-25

Itzulpengintzak kulturetan eta, bereziki, euskal kulturan duen garrantziaz hitz egiteko hainbat jarduera antolatu ditu EIZIEk Varsovian azaroak 28tik azaroak 30era bitarte. Danele Sarriugarte idazle eta itzultzailea, Katarzyna Sosnowska itzultzailea, Arantzazu Royo EIZIEko kidea eta Aitor Arruza irakasle eta ikertzaileak hartuko dute parte.

Itzulpengintzak kulturetan eta, bereziki, euskal kulturan duen garrantziaz hitz egiteko hainbat jarduera antolatu ditu EIZIEk Varsovian azaroak 28tik azaroak 30era bitarte. Danele Sarriugarte idazle eta itzultzailea, Katarzyna Sosnowska itzultzailea, Arantzazu Royo EIZIEko kidea eta Aitor Arruza irakasle eta ikertzaileak hartuko dute parte.

Azaroaren 28an hitzaldi bat emango dute Varsoviako Unibertsitatean bertako Iberiar eta Iberoamerikar Ikasketen Institutuko irakasle eta ikasleen aurrean. Horrekin batera, itzulpen lantegi bat egingo da Aitor Arruzaren eskutik unibertsitatean euskara ikasten ari diren ikasleekin.

Hurrengo egunean, mahai-inguru bat izango da Varsoviako Cervantes Institutuan, hizkuntza hegemonikoen eta gutxituen arteko itzulpengintza ardatz harturik. Abel A. Murcia katalan idazle eta itzultzaileak hartuko du parte mahai-inguruan, Danele Sarriugarte eta Katarzyna Sosnowskarekin batera, Aitor Arruza gidari dutela. Atxagaren Gizona bere bakardadean liburuaren polonierazko itzulpen argitaratu berria ezagutuko dute bertaratzen direnek, Sosnowkak berak itzulitakoa.

Amaitzeko, larunbat eguerdian, STL Poloniako Literatur Itzultzaileen Elkartearen egoitzan bilduko dira Euskal Herriko ordezkariak eta Poloniako itzultzaile profesionalak gosari-solasaldi baten bueltan, K. Sosnowskak gidatuko duen saioan.

Jarduera hauek Donostia 2016 Europa Kultur Hiriburuaren testuinguruan sortutako Itzultzaile Berriak egitasmoari jarraipena ematen diote.

Etxepare Euskal Institutua eta EIZIE:

Etxepare Euskal Institutuak eta EIZIEk (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) hainbat jarduera burutzen dituzte urtean zehar lankidetzan euskal itzulpengintza, eta itzulpenaren bidez, euskal kultur ekoizpena euskararen eremutik kanpo sustatu eta ezagutzera emateko.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu