Izaro 2024ko BIME Bogotan izango da BASQUE. MUSIC.-en eskutik

2024/04/15

Euskara. Kultura. Mundura.

BIME Bogota azokaren hurrengo edizioa 2024ko maiatzaren 8tik 11ra egingo da. Izarok BASQUE. MUSIC. plataformak antolatutako showcase-ean parte hartuko du.

Musika Industriaren Nazioarteko BIME Topaketa duela hamabi urte hasi zen Bilbon, eta Amerikako kontinentean hirugarren edizioa ospatuko da aurten. Hitzordu berria 2024ko maiatzaren 8tik 11ra izango da Bogotan.

Euskal Herriko musika nazioartekotzeko Musika Bulegoak, Etxepare Euskal Institutuak eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen duten Basque. Music. plataforma Kolonbiako hitzordu honetan egongo da beste behin Latinoamerika eta Euskadiren arteko zubi artistiko eta profesionalak eraikitzeko helburuz.

Izarok 2023ko Durangoko Azokan argitaratu zuen Cerodenero bere azken diskoa aurkeztuko du Kolonbiako hiriburuan maiatzaren 9an. Lan berri hau arrakasta handia izaten ari da zuzeneko emanaldietan.

 

BIMEk 50 herrialde baino gehiagotako musikaren industriako profesionalak biltzen ditu urtero. Bogotako edizioko programan, bere horretan mantentzen dira nazioarteko erreferentziazko ekitaldi gisa kokatu duten esentzia eta espiritu berritzailea, eta garatzen diren bitartean jorratuko diren gaien zabaltasunean islatzen da: joera artistikoak, jaialdiak, garapen jasangarria, berrikuntza teknologikoa, grabatutako musika eta zuzeneko musika, plataformak, startupak edo marko legegileak, eta horiek dira paneletan, tailerretan eta masterretan eztabaidatuko diren gaietako batzuk.

BASQUE. MUSIC.  Musika Bulegoak koordinatutako proiektua da, Etxepare Euskal Institutuarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan. Helburua euskal sormena, kultura eta artearen sentsibilizazioa eta ikusgarritasuna areagotzea da.

Jaso abisuak zure posta elektronikoan zure intereseko deialdiak irekitzen direnean.

Harpidetu