Joxemari Iturralde Miami Book Fair azokan izango da

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-11-09

Joxemari Iturralde idazleak aurtengo Miami Book Fair azokan hartuko du parte, Autore Iberoamerikarren Sailaren baitan. Azoka azaroaren 12tik 18ra bitarte egingo da, eta Iturralde bi ekintzatan izango da azaroaren 17an, nazioarteko beste hainbat idazlerekin batera.

Joxemari Iturralde idazleak aurtengo Miami Book Fair azokan hartuko du parte, Autore Iberoamerikarren Sailaren baitan. Azoka azaroaren 12tik 18ra bitarte egingo da, eta Iturralde bi ekintzatan izango da azaroaren 17an, nazioarteko beste hainbat idazlerekin batera.

Autore Iberoamerikarren Sailak eta Cuatrogatos fundazioak bosgarren aldiz antolatuko dute aurten haur eta gazte literaturari eskainitako mintegia, Miami Book Fair-en programazioaren baitan. Aurtengoa Más libros, más libres: lectura y pensamiento independiente deituko da. Mintegiak goizeko 10:00etatik arratsaldeko 17:30era iraungo du, eta Joxemari Iturralde bertara gonbidatu dute gaiaren inguruan eztabaidatzera. Bere esku-hartzea 13:30etik 14:45era izango da. Aurreko urteetan, besteak beste, Mariasun Landa, Juan Kruz Igerabide, Miren Agur Meabe edota Yolanda Arrieta euskal idazleak izan dira bertan.

Horrez gain, autoreak Sail Nagusiko beste mahai-inguru batean ere hartuko du parte: Tiempos divergentes en la escritura iberoamericana, 16:30etik 17:45era. Bertan, Martín Solares idazle mexikarrarekin eta Edmundo Paz Soldán idazle boliviarrarekin batera eztabaidatuko du, bakoitzak bere liburu bat hizpide hartuta. Iturralderen kasuan, Perlak, kolpeak, musuak, traizioak izango da liburu hori.

Miami Book Fair Estatu Batuetako liburu azoka handiena da, eta Miami Dade Collegek antolatzen du urtero. Nazioarteko 300 idazletik gora gonbidatzen dituzte bertara liburuen aurkezpenak, hitzaldiak edota mahai-inguruak egitera. Etxepare Euskal Institutuaren babesaz, euskal idazleek ere erreferentziazko azoka honetan parte hartzeko aukera dute.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Gune hau reCAPTACHAk babestuta dago eta Googleko Pribatutasun Politika zein Zerbitzuaren Baldintzak aplikatzen dira.