Kirmen Uribe, Lettres du Monde jaialdian
Euskara. Kultura. Mundura.
Frantziako Akitania Berria eskualdean egiten den Lettres du Monde (Munduko eskutitzak, euskaraz) jaialdian parte hartuko du Kirmen Uribe idazleak. Bertan, Elkarrekin esnatzeko ordua (L’heure de nous réveiller ensemble) bere azken liburuaren frantseserako itzulpena aurkeztu eta hainbat hitzalditan hartuko du parte.
Lettres du Monde jaialdiak nazioarteko eta literaturaren munduko 20 bat lagun – idazleak, itzultzaileak, editoreak – biltzen ditu urtero Akitania Berriko hainbat hiri eta herritan aurkezpenak eta hitzaldiak egiteko. Aurtengoa 15. edizioa da, eta azaroaren 16tik 25era burutuko da. Gonbidatuen artean, Yemengo Ali Al-Muqri saiakera-idazlea, Elsa Osorio idazle argentinarra, Khaled Khalifa gidoilari siriarra, Javier Cercas idazle espainiarra edota Estatu Batuetatik datorren Brian van Reet idazle eta soldadu ohia izango dira, besteak beste.
Uribe hainbat saiotan arituko da jaialdian zehar. Batetik, azaroaren 18an, igandea, Javier Cercas idazlearekin eztabaidatuko du Écrire l’Espagne d’hier et d’aujourd’hui (Atzoko eta gaurko Espainia idaztea) gaiaren inguruan, Bordeleko La Machine à Lire liburu-dendan, 11:30ean. Bordeletik mugitu gabe, beste bi hitzaldi ere emango ditu azaroaren 20an, asteartea, Être basque, un engagement littéraire (Euskaldun izatea, konpromiso literarioa) izenpean: bata Bordeaux Montaigne Unibertsitatean, 13:30ean, eta bestea Cervantes Institutuan, 18:00etan.
Jaialdiaren baitan, Bordelen ez ezik, Euskal Herrian ere izango ditu hitzorduak. Azaroaren 16an, ostirala, bere Elkarrekin esnatzeko ordua eleberriaren aleak sinatuko ditu Baionako Hirigoyen liburu-dendan, 18:00etan. Azaroaren 17an, larunbata, bi hitzaldi emango ditu: bata, Être basque aujourd’hui (Euskaldun izatea gaur) izenekoa, Angeluko herri-liburutegian, 11:00etan; eta bestea, Avec au coeur la langue basque (Euskal hizkuntza, bihotzez) izenekoa, Donibane Lohizuneko 5ème Art liburu-dendan, 17:00etan.