Koldo Mitxelena katedra: Jasone Cenoz

Euskara. Kultura. Mundura.

Koldo Mitxelena katedra: Jasone Cenoz
  • 11
    Mai 2023
    Chicago

Etxepare Euskal Institutuak Chicagoko Unibertsitatean sustatzen duen Koldo Mitxelena Katedran, Jasone Cenoz irakasle eta ikertzailea da aurtengo irakasle gonbidatua. Bertan,  eleaniztasunaren inguruan programazio oso bat eskainiko du.

Jasone Cenoz Hezkuntzako Ikerketa eta Diagnosi Metodoetako katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, eta Estatuko Ikerketa Agentziako (AEI) Hezkuntza Batzordeko lehendakaria da. Bere ikerketak hezkuntza eleanitza eta bigarren eta hirugarren hizkuntzen jabekuntza ditu ardatz.

Katedraren egitarauaren baitan, Cenozek ikastaro bat eskainiko du graduko eta graduondoko ikasleei zuzenduta, martxoaren 20tik maiatzaren 31ra bitartean. Ikastaro hau eleaniztasunari eta hezkuntza eleaniztunari buruzko egungo planteamenduetan zentratzen da, ikuspegi psikolinguistiko, soziolinguistiko eta hezitzailetik.

Programazioaren barruan, ‘The Basque language in education: between isolation and translanguage’ (Euskara hezkuntzan: isolamenduaren eta translokazioaren artean) hitzaldia eskainiko du Cenozek. Ekitaldia maiatzaren 11n , 15:30etan (GMT -5)  izango da, Rosenwald eraikineko 301 gelan. Hitzaldi honetan, euskarak gizartean eta hezkuntzan duen egoera azalduko da. Horrez gain, translokazioaren kontzeptua aztertuko da, euskarak hizkuntza gutxitua den heinean duen mehatxu eta aukera gisa.

Etxepare Euskal Institutuak nazioarteko unibertsitateetan sustatzen dituen hamabi katedretako bat da Chicagoko Unibertsitateko Koldo Mitxelena Katedra. Hizkuntza eta Literatura Erromanikoen sailean dago kokatuta eta euskal ikasketa humanistikoekin zerikusia duten eskola, mintegi edota hitzaldiak eskaintzen ditu.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu