Etxepare Euskal Institutuak munduko 28 hiritan sustatu ditu Korrikaren aldeko ekintzak
Euskara. Kultura. Mundura.
‘Harro Herri’ lelopean, nazioartera zabalduko da, beste behin, Korrika. Ohi bezala, Etxepare Euskal Institutuak bat egingo du AEK-ren ekimenarekin, Euskal Herritik kanpo euskarari babesa eta zabalkundea emateko. Horrela, mundu osoko euskal etxeetako kideek eta unibertsitatetako euskara eta euskal kultura irakurletzen irakasleek askotariko jarduerak antolatu dituzte egunotarako. Guztira, Institutuak sustatutako 30 ekimen egingo dira munduko 28 hiritan, Korrikaren nazioarteko testuinguruan.
Martxoaren 14tik 24ra egingo da 23. Korrika. 11 egunetan, 2.500 kilometro inguru burutuko dituzte Euskal Herri osoan barrena, Irun abiapuntu eta Baiona helmuga hartuta.
Etxepare Euskal Institutuaren lankidetzarekin, munduko 28 hiritan egingo da euskararen aldeko lasterketa erraldoiarekin lotura duen ekimenen bat. Europan, 16 hiritan (Alemanian, Erresuma Batuan, Italian, Polonian…); Hego eta Ipar Amerikan, 11 hiritan (Argentina, Uruguai, Kanada, AEB…); Asian, Tokion eta Ozeanian Sidney-n antolatu dituzte ekintzak bertako euskal etxe eta unibertsitatetako irakurletzek.
Alde batetik, euskara eta euskal kultura irakurletzek antolatu dituzte ekintza hauek. Etxepare Euskal Institutuak mundu osoko unibertsitateekin lankidetza hitzarmenak sinatzen ditu euskal ikasketak eskaini ditzaten. Euskara eta euskal kulturarekin loturiko ikasgaiak ematen dituzte Institutuak sustatutako irakurletzek munduko hainbat unibertsitatetan. Programa ezberdinen bidez irakurleen prestakuntza eta ikasleen euskara gaitasuna sustatzen du Institutuak.
Bestetik, munduan zehar daude hainbat euskal etxek ere antolatu dituzte ekintzak. Institutuak harreman estua du munduko hainbat euskal etxeekin, haietan euskara irakatsi dadin sustatzen baitu, bai Euskara Munduan programaren bidez, baita material didaktikoa bidaliz ere.
Munduko hiri askotan, bertako irakurletzetako ikasle eta irakasleek eta euskal etxeko kidek elkarlanean antolatu dituzte Korrikaren aldeko ekintzak, nazioarteko euskal komunitatearen batasunaren adierazle.
Azken edizioetan bezala, Etxepare Euskal Institutuak Korrikarekin bat egingo du aurten ere, euskararen aldeko mezua munduan zehar zabaltzeko. Nazioartean Korrikak sustatzeaz gain, bideo lehiaketa bat antolatu du euskal etxeetako eta irakurletza sareko ikasleen artean AEK-rekin lankidetzan, eta ‘Etxepare’ gunea babestuko du Baionako Xaho kaian, martxoaren 24an, egitasmoaren azken egunean.
Munduan zehar Korrikaren alde egingo diren ekintzen egitaraua ikusi dezakezu hemen.
Etxepare Euskal Institutua eta Korrika
Azken edizioetan bezala, Etxepare Euskal Institutuak Korrikarekin bat egingo du aurten ere, euskararen aldeko mezua munduan zehar zabaltzeko. Nazioartean Korrikak sustatzeaz gain, bideo lehiaketa bat antolatu du euskal etxeetako eta irakurletza sareko ikasleen artean AEK-rekin lankidetzan, eta ‘Etxepare’ gunea babestuko du Baionako Xaho kaian, martxoaren 24an, egitasmoaren azken egunean.