Kultur Institutuen lehenengo bilera Ramon Llull Institutuan

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-06-19

Estatu mailako kultur institutuek historiako lehen batzarra egin dute ekainaren 17an, astelehena, Kataluniako Ramon Llull Institutuaren egoitzan. Bilera horrek bakoitzaren lan ildo estrategikoen, erronken eta helburuen berri izateko balio izan du.

Estatu mailako kultur institutuek historiako lehen batzarra egin dute ekainaren 17an, astelehena, Kataluniako Ramon Llull Institutuaren egoitzan. Bilera horrek bakoitzaren lan ildo estrategikoen, erronken eta helburuen berri izateko balio izan du.

Institut Ramon Llull-eko zuzendari Iolanda Batallék harrera egin die gainontzeko kideei, eta haren laguntzaz institutu kataluniarraren egoitza ezagutu dute; Baró de Quadras jauregia alegia, Nazio Intereseko Monumentu Historiko Artistiko gisa katalogatua dagoen eraikin modernista. Bertan izan dira Luis García Montero, Cervantes Institutuko zuzendaria; Richard Bueno, Cervantes Institutuko zuzendari akademikoa; Martín López Vega, Cervantes Institutuko kultura zuzendaria; Rosario Álvarez Blanco, Consello da Cultura Galega-ko presidentea eta Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria. Batallék adierazi duen moduan, “Llull-ek interes handiz hartu du historian lehen aldiz egin den batzar hau, gure kulturaren nazioarteko zabalkundea hobetzen lagunduko duten elkarlanak sortzen lagundu duelako”.

Bestalde, García Monteroren hitzetan, Cervantes Institutuaren helburua “Estatuaren hizkuntza eta kultura ezberdinen zabalkundean egiten duen jarduera areagotzea” izango litzateke.

Era berean, Consello da Cultura Gallega-ko Rosario Álvarez presidenteak zera esan du: “Batzarra egin eta elkar ulertzea beharrezko abiapuntuak dira bere burua eleanitz eta kulturanitz gisa hartzen duen gizarte demokratiko batentzat. Honek balioko du gizartearen erronkei denok batera erantzuteko, ildo estrategiko bateratuekin eta batera programatutako jarduerekin, bai Iberiar Penintsulatik kanpo baita barruan ere, bertan dagoen Portugal ahaztu gabe”.

Horrez gain, Larrazaren ustetan, bilera hau “pausu garrantzitsua izan da Institutuen artean elkarlanerako gune eraginkor eta zehatzak sortzeko”.

Zuzendari guztiek azpimarratu dute beharrezkoa dela penintsulako hizkuntzen arteko ulermenerako guneak sustatzen jarraitzea. Era berean, hizkuntzen arteko gatazkarik gabeko elkarbizitza egoerak bermatzea adostu da, dela hezkuntza, sormen edota elkarrizketa eremuetan.

Elkarlanerako batzar hau institutuen beraien egitasmoa izan da, euren egungo egoera eta gai estrategikoekiko duten epe labur eta ertainerako ikuspegia aztertzeko asmoz. Institutu guztien behar horizontalak zehazteko elkarlan esparru bat sortzea eta kokapen estrategiko amankomun bat garatzea hitzartu da bertan, besteak beste. Hori gauzatze aldera, institutu ezberdinetako homologo teknikoak elkartu eta lan ildoak batera gara ditzaten arduratuko dira.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Gune hau reCAPTACHAk babestuta dago eta Googleko Pribatutasun Politika zein Zerbitzuaren Baldintzak aplikatzen dira.