Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak aholkularitza eskainiko du krisiari aurre egiteko

Euskara. Kultura. Mundura.

2020-04-27

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kultur arloko langileei zuzendutako aholkularitza zerbitzua jarri du martxan aste honetan. Zerbitzu honen helburua da Covid 19 birusak eragindako krisiaren ondorioz abian jarritako neurriei buruzko informazio guztia helaraztea interesa eduki dezaketen guztiei.

Kulturklik Pro plataformaren bitartez (kulturklik.euskadi.eus/aholkularitza/) bideratzen da zerbitzua eta funtsezko bi tresna eskaintzen ditu: aholkularitza pertsonalizatua eta, horrekin batera, kultur sektore desberdinetako profesional eta eragileei zuzendutako bi gida.

Ekimen berri honen bidez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak laguntza pertsonalizatua eskaini nahi die kultur sektoreei, bai eta erakundeek abian jarritako laguntza-lerro guztiei buruzko informazioa eman ere; Sailak berak Lanbiderekin batera bultzatutako diru-laguntzen inguruko informazioa ere eskainiko da (´Kulturako profesionalentzako programaren´ bidez 2,5 milioi euro bideratuko dira). Zerbitzuak, halaber, informazioa eskainiko du Sailak kultur sorkuntza sustatzeko dituen diru-laguntza deialdiei buruz (12 deialdi eta 50 modalitate inguru).

Aholkularitza pertsonalizatuari esker, kulturaren arloko langileek eta erakundeek zalantza zehatzak argitu ahal izango dituzte. Galderak telematikoki bideratuko dira, eta interesdunek e-mailez edo telefonoz jasoko dute erantzuna 48 ordu baino lehenago (epe laburrean erantzunak 24 ordutan bideratu ahal izatea da helburua). Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, halaber, galdetegi bat bidaliko die erabiltzaileei aholkularitza-zerbitzu horren kalitatea aztertzeko.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu