"Langues/Cultures/Identités" ekitaldia: mugarik ez euskal hizkuntza eta kulturarentzat

Euskara. Kultura. Mundura.

2013-12-03

 

Ostiral gauean Bruselako La Tentation aretoan bildu ziren ikusleak ez zuten sekula horrelakorik entzun: Xabi Payak bertsotan eman zien ongi etorria, euskaraz noski, baina baita gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ere. Eta inprobisatzen.

Donostia 2016 egitasmoaren aurkezpenaren lehen zatia baino ez zen: Itziar Nogeras zuzendari orokorrak eman zituen azalpen gehiago segidan. Etxepare Institutuak eta Jeunesses Musicalesek Euskararen Eguna dela etabertanantolatutako Fenêtre Ouverte sur le Pays Basque jaialdiaren ekitaldi ofiziala festa bilakatu zen gero Iñaki Plaza & Band euskal taldearekin, euskaraz ere abestu zuten Ialma galiziarrekin eta DJ Misturen nazioarteko folk musikarekin.

Payaren erakustaldi harriagarriaren ostean Itziar Nogerasek hartu zuen hitza, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren egitasmoaren berri emateko; kulturaren eta balioetan heztearen garrantzia azpimarratu zuen, pertsona ezberdinen arteko elkarbizitzarako ezinbesteko tresnak direlako. Ekitaldiak berak, Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendariaren partaidetza ere izan zuenak, horixe zuen helburu: hizkuntza, kultura eta identitate ezberdinak erakustea eta haien arteko lankidetzak abiatzea.  

Iñaki Plaza euskal musikariak eta bere talde berriak –Kepa Calvo, Alex López eta Carla Sevilla- kontzertu gogoangarria eman zuten, "Ekhi", Plazaren bigarren lana aurkeztuz: trikitixa eta txalaparta oinarri  hartuta, euskal tradizioa genero ezberdinekin ere nahastu zuten, energia handiko emanaldian. Bai eta gero galiziarrez aritu ziren  Ialma taldeko kantariak euskaraz abesten jarri ere. Flandria, Valonia eta Galiziako gaiten emanalditxo baten ostean festak DJ Misturen munduko folk doinu dantzagarriekin jarraitu zuen, tartean-tartean abesti euskaldunak ere ipintzen zituela.  

Jaiaren anfitrioiak, Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak eta Paul Soyeur Belgikako Jeunesses Musicales Federazioko zuzendariak, norberaren kultura eta identitatea zaintzea eta haren transmisioa bermatzea ezinbestekoa dela nabarmendu zuten. Eta kultura guztiek munduan merezi duten tokia ere aldarrikatu zuten. Irrintzi batekin sinatuta.

 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu