Lankidetza hitzarmena sinatu dute Etxepare Euskal Institutuak eta Soziolinguistika Klusterrak

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-10-16

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak eta Imanol Larrea Soziolinguistika Klusterreko zuzendariak sinatu dute hitzarmena. Euskararen soziolinguistikaren inguruko ezagutzaren zabalpenean elkarlanean aritzea adostu dute bi erakundeek.

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak eta Imanol Larrea Soziolinguistika Klusterreko zuzendariak sinatu dute hitzarmena. Euskararen soziolinguistikaren inguruko ezagutzaren zabalpenean elkarlanean aritzea adostu dute bi erakundeek.

Etxepare Euskal Institutuak Donostian duen egoitzan egin dute sinatze-ekitaldia. Hitzarmenaren helburua bi erakundeek elkarlanean gauzatu ditzaketen proiektuen oinarria ezartzea da, batik bat, euskal soziolinguistika ezagutzaren nazioarteko dibulgazioan eta nazioarteko soziolinguistika ezagutza Euskal Herriratzean.

Etxepare Euskal Institutuak bere egitekoen artean ditu euskarak nazioartean onespena lor dezan bultzatzea eta euskal kulturari buruzko ikerketa sustatzea, bereziki unibertsitate eta goi-mailako ikerketarako erakundeetan. Helburu horrekin mundu osoko 34 unibertsitatetan ematen dira euskara eta euskal kulturarekin loturiko ikasketak gaur egun, eta era berean, euskal ikasketen zortzi katedra jarri ditu martxan. Soziolinguistika Klusterrak, berriz, esparru akademikoa, profesionala eta sozialaren arteko harremanen bidez lan egiten du. Horregatik, bi erakundeen lankide eta partaideen sareak harremanean jartzeak aukera interesgarriak zabaltzen dituela adierazi dute sinatzaileek.

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak adierazi duenez, Etxeparek bere nazioarteko sare akademikoa jarriko du Soziolinguistika Klusterraren eskura honek nazioarteko irismena izan dezan. Bere ustez, “Euskal Herrian euskararen soziolinguistikaren alorrean egiten diren ikerketa esanguratsuenak, atzerrian, eremu akademikoan, ezagutzera emateak atzerriko ikerlari eta akademikoentzat euskal ikasketen ikerketarako baliabide gehiago eskura jartzea esan nahi du, eta horri esker euskararen errealitatea hobeto ikertu eta ulertuko da”. Halaber, adierazi du Euskal Herrian egiten den soziolinguistikarentzat “onuragarria” izango direla “Etxepare Euskal Institutuaren irakurleek atzerrian euskararen irakaskuntzan lortutako eskarmentua eta burututako ikerketak”.

Imanol Larrea Soziolinguistika Klusterraren zuzendariak adierazi duenez, “funtsezkoa da euskal hiztun komunitatearentzat nazioarteko unibertsitate sareekin lotura estua izatea eta hizkuntzen inguruko ikerketa, berrikuntza eta garapenean dabiltzan eragileekin bi norabideko harremanak eraikitzea.“

Hurrengo hilabeteetan oinarrizko hitzarmen honi gauzapen zehatza emango dioten proiektuak eta ekimenak martxan jartzea da Etxepare Euskal Institutuaren eta Soziolinguistika Klusterraren asmoa.


Soziolinguistika Klusterra

Euskararen garapen sozialaren ikergunea da Klusterra. 2004an sortu zen eta ordutik honako ibilbidean ikerketa-esperientzia, harreman-sarea eta ezagutza sortu eta metatzen joan da. Bere xedea da ezagutza soziolinguistikoa sortzea eta kudeatzea euskara biziberritzeko prozesuaren erronka, interes eta beharrei erantzuteko. Horretarako bazkide, erakunde publiko, gizarte eragile, zientzialari eta bestelakoekin elkarlanean proiektuak garatzen ditu, ezagutza teorikoaren eta arlo aplikatuaren arteko zubiak eraikiz.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Gune hau reCAPTACHAk babestuta dago eta Googleko Pribatutasun Politika zein Zerbitzuaren Baldintzak aplikatzen dira.