M pour Montréal: jaialdian parte hartzeko deialdia zabalik
2025/06/30
Euskara. Kultura. Mundura.
M pour Montréal musika jaialdiak 20. urteurrena du aurtengoa eta azaroaren 18tik 22ra izango da Quebec-en. Dagoeneko zabalik da jaialdian parte hartzeko euskal musikariei eta taldeei zuzenduriko deialdia, Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean.
M pour Montréal jaialdiko lantalde artistikoak aurkeztutako proposamenen artetik bi hautatuko ditu, azokaren egitarauan showcase bana eskain dezaten.
Showcasez gain, profesionalei zuzenduriko jarduera ezberdinak barnebilduko ditu azokak. Hautatutako artistek ordezkari bat izendatu beharko dute. Ordezkari horrek jaialdiko jardueretan parte hartzeko prest egon behar du.
Etxepare Euskal Institutuak, Ça colle au Basque egitasmoaren baitan, musikari edo talde hautatuen bidaia, ostatua eta dietak beregain hartuko ditu. Horrez gain, ordainsaria ere eskainiko zaie hautatutako taldeei. M pour Montréal jaialdiak, bere aldetik, taldeen jardunerako beharrezkoa den ekipo teknikoa, oinarrizko backlinea funtsean, eskainiko die artistei.
Deialdia uztailaren 30ean itxiko da, gauerdiz. Bertan parte hartzeko izen ematea esteka honen bidez egin behar da.
