Mahai sektorialak elkartu dira urteko aurreikuspena egiteko
Euskara. Kultura. Mundura.
Urtero bezala, mahai sektorialak deitu dira pasa den urteko kultur jardueren balantzea eta aurtengo aurreikuspena egiteko asmoz. Ikus-entzunezkoen, musikakoen, arte plastikoen, arte eszenikoen eta literaturaren sektoreetako ordezkariak diren elkarte eta profesionalek euren ikuspegi eta iritziak partekatu ahal izan dituzte horrela.
Urtarrilean zehar egin dira bost bilerak, modu telematikoan eta sektoreka, nahiz eta normalean abenduan egin ohi diren. Ekimenen kontrastea egiteko, hartuko diren neurrien berri emateko eta ekarpenak jasotzeko bileretan 30 bat parte hartzaile elkartu dira denera.
Joan den urtean hartutako neurrien ebaluazioa egiteaz gain, burutzea lortutako proiektuen berri eman da bileretan, sortzaileen ekarpenak jasotzeko helburuz. Izan ere, kultur sektoreekin harreman estua mantentzea oso garrantzitsua eta estrategikoa da Etxepare Euskal Institutuarentzat, sektore bakoitzaren errealitatearen egoera hobeto ezagutu ahal izateko eta etengabeko hobekuntza bilatzeko, ebaluaziorako espazio horien bitartez.
Besteak beste, nabarmendu dute 2020an abiarazitako mugikortasuna sustatzeko laguntzen automatikotasuna oso positiboa izan dela. Oro har, pandemiari aurre egiteko hartutako neurri guztien ebaluazio positiboa egin dute.