Maider Fernández eta Jorge Moneo zinemagileak, Berlinale Talents programan
Euskara. Kultura. Mundura.
Maider Fernández eta Jorge Moneo euskal zinemagile gazteak aukeratu berri ditu aurtengo Berlinale Talents egitasmoak, Berlingo Nazioarteko Zinemaldiak talentua garatzeko abiarazi duen programak. Otsailaren 22tik 27ra bitartean, 250 gaztek euren proiektuak hobetu eta erakusteko aukera izango dute, eta garatuta dituzten lanak nazioarteko ekoizle eta finantzatzaileei aurkeztuko dizkiete.
Maider Fernández Iriarte da aukeratutako euskal gazteetako bat. Bere hitzetan, Berlinera doa “jendea ezagutzera, astebete zinemari buruz pentsatzen ematera eta ahal ditudan pelikula gehien ikustera. Zehazki, Frantziako diru laguntzen sistema ezagutu nahiko nuke etorkizunean, ondoko herrialdea izanik harremana egon daitekeela uste dudalako. Apellaniz&DeSosa-rekin aurten El médico cura izeneko film laburra egingo dugu eta Frantzia aliatu interesgarria izan daiteke”. Bestalde, Jorge Moneok ere Berlinale Talents-en hartuko du parte. Gasteiztar honek aitortzen du “esperientzia hau gaur egun ditudan bi proiektuentzat onuragarria ” izatea espero duela. Alde batetik, Orbainak laburmetraiaren distribuzioarekin jarraitzen du , bestetik, Almanaka proiektu berriaren lehenengo pausoak ematen hasia da.
Euskal presentzia nabarmena
Beste batzuetan bezala, aurten ere Basque Audiovisualek stand bat edukiko du EFM Berlinale azokan, Cinema from Spain-ek Martin Gropius Bau-n izango duen gunean. Euskal plataformak bisitarientzat eskuragarri jarriko ditu bai urte osoko ekoizpena laburbiltzen duen katalogoa eta bai euskal ikus-entzunezko ekosistema ikusarazteko plataforma gisa erabiltzen den web orria. Basque Audiovisual stand horretatik hainbat euskal zinemagintza enpresa igaroko dira azokaren egunetan zehar.
Bestalde, euskal eragileen presentzia nabaria izango da ere, Cinema From Spain Presents zigiluarekin, EFMan egingo diren hitzaldi batzuetan. Otsailaren 22an, 11:00etan, Mirror pabiloian ‘Koprodukzioa Espainiarekin/Espainian’ mahai-ingurua gauzatuko da, ICAAk, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak, antolatuta. Topaketan bi adibide ikertuko dituzte adituek; lehenik eta behin, O que arde filmaren koprodukzio eredua aztertuko dute, eta Koldo Zuazuak Kowalski Filmseko euskal koproduktore gisa parte hartuko du. Ondoren, La trinchera infinita filmaren Euskal Herri eta Andaluzia arteko koprodukzioa izango da aztergai. Xabier Berzosak, Irusoinen ekoizle exekutiboak, hartuko du hitza.