Euskadik eta Malandain Ballet Biarritzek lankidetza-akordioa sinatu dute

2026/09/23

Eusko Jaurlaritzak eta Malandain Ballet Biarritzek akordioa sinatu dute euskal dantzaren sorkuntza eta nazioarteko proiekzioa indartzeko. Akordio berriak euskal dantzaren sorkuntza, profesionalizazioa eta nazioarteko proiekzioa indartzeko lankidetza-esparru berri bat eratu du.

Euskara. Kultura. Mundura.

Eusko Jaurlaritzak eta Malandain Ballet Biarritz – Centre Chorégraphique National erakundeak lankidetza-akordio berria sinatu dute, euskal dantzaren sorkuntza, garapen profesionala eta nazioarteko proiekzioa indartzeko. Akordio horrek lankidetza-esparru berri bat eratu du, eta Etxepare Euskal Institutuak eta Malandain Ballet Biarritzek orain arte garatu duten elkarlana beste maila batera eraman du.

Lankidetza-esparru berriak aukera berriak zabaldu dizkie euskal sortzaile, konpainia eta profesionalei, besteak beste, sorkuntza eta ekoizpen koreografikoa sustatzeko, talentu berrien prestakuntza eta profesionalizazioa laguntzeko, proiektu partekatuak garatzeko eta Frantziako zein nazioarteko sare profesionaletan presentzia handitzeko.

Akordioak, halaber, etapa berriaren oinarri instituzionalak ezarri ditu. Hala, Eusko Jaurlaritza Centre Chorégraphique National – Ballet Biarritzen bazkide publiko izatea jaso du 2027-2030 aldirako, Frantziako Estatuarekin, Biarritzeko Hiriarekin, Nouvelle-Aquitaine eskualdearekin eta Pyrénées-Atlantiques departamenduarekin batera. Era berean, Ballet Biarritzek Ballet Biarritz Euskadi izena hartzeko borondatea jaso du, Euskadirekin duen lotura eta haren nazioarteko proiekzioan izan dezakeen zeregina indartzeko, baita euskararen presentzia eta ikusgarritasuna sustatzeko konpromisoa ere.

Euskal dantzarentzat azpiegitura estrategiko bat

Akordioak urrats kualitatiboa ekarri du orain arteko lankidetzan. Frantziako Centre Chorégraphique National baten jarduera-eremua Euskadira zabaltzeko esparrua ezarri du, eta euskal dantzaren ekosistema eta Frantziako dantza-sistema profesionala modu egituratuagoan lotzeko bidea ireki du.

Malandain Ballet Biarritz Frantziako sistema koreografikoaren barruan kokatutako erreferentziazko egitura da, eta haren sare profesionalek euskal konpainientzat Frantziako, eremu frankofonoko eta nazioarteko beste merkatu batzuetarako sarbide-plataforma eskaintzen dute.

Lankidetza bi norabidetan egituratu da: barrura begira, euskal dantzaren sorkuntza, profesionalizazioa eta aukerak indartzeko; eta kanpora begira, Euskadi, euskal kultura eta euskara nazioartean proiektatzeko.

Dimentsio hori Etxepare Euskal Institutuaren Ça colle au basque estrategiarekin ere lerrokatu da. Estrategiak Ipar Euskal Herria euskal kulturaren eta Frankofoniaren arteko lotura natural gisa kokatu du, eta erakundeen arteko aliantzak baliatu ditu euskal sorkuntzari Frantzian eta eremu frankofonoan espazio berriak zabaltzeko.

Urtez urte eraikitako lankidetza

Akordio berriak azken urteotan Etxepare Euskal Institutuak eta Malandain Ballet Biarritzek garatutako lankidetzari jarraipena eta dimentsio handiagoa eman dio. Ibilbide horretan, 2022ko Saison Québec-Pays Basque programaren baitako Montrealgo Basque Focus-a izan zen lehen mugarrietako bat.

2025ean, bi erakundeek lankidetza-hitzarmena sinatu zuten euskal dantzaren ekoizpena, zabalkundea eta nazioartekotzea modu koordinatuan sustatzeko. Lankidetza horren bidez, Maitaldia – Le Temps d´Aimer la Danse jaialdian euskal presentzia indartu da, Saut de Basque topaketa profesionala sortu da eta, 2026an, Maitaldia Basque Showcase gehitu zaio, euskal konpainiak Frantziako eta nazioarteko programatzaileekin zuzenean konektatzeko.

Ibilbide horren ondoren, akordio berriak aurretik eraikitako lankidetzaren eskala handitu du eta euskal dantzaren presentzia Frantziako eta Frankofoniako sareetan zabaltzeko oinarriak sendotu ditu.

Paris, kultur diplomaziarako eta nazioarteko harremanetarako agertoki

Akordioaren sinadura Parisen Euskadik garatutako agenda instituzional zabalago baten barruan kokatu da. Frantziako Kultura Ministerioak euskal ordezkaritzari harrera egin dio, eta Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Catherine Pégard Kultura ministroarekin bildu da. Topaketan Euskadiren eta Frantziaren arteko kultur harremanak eta lankidetza-bide berriak izan dituzte hizpide.

Agendaren barruan, euskal ordezkaritzak Académie des beaux-arts – Institut de France erakundea ere bisitatu du eta bertako ordezkariekin elkartu da. Ondoren, Comédie-Française antzoki nazionaleko ordezkariekin bildu da, bi erakundeekin etorkizuneko lankidetza-aukerak aztertzeko.

Agenda instituzionalarekin batera, Malandain Ballet Biarritzek bere lana aurkeztu du lehen aldiz Parisko Théâtre des Champs-Élysées antzokian. Konpainiak Thierry Malandainen hiru koreografia eskaini ditu: L’Oiseau de feu, Boléro eta Minuit et demi, ou le Cœur mystérieux. Euskadiko ordezkaritzak emanaldia bertatik bertara jarraitu du, Frantziako kultur eszenako erreferentziazko agertokietako batean.

Eusko Jaurlaritzak Parisen aurrera eraman duen agenda instituzionalak, horrenbestez, akordioaren bi dimentsioak uztartu ditu: euskal dantza eta sorkuntzarentzat egitura eta aukera berriak eraikitzea, eta kultura Euskadiren nazioarteko proiekziorako eta harreman instituzionaletarako tresna gisa indartzea.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>