Lankidetza hitzarmena sinatu dute Etxepare Euskal Institutuak eta Malandain Ballet Biarritzek
2025/06/20
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuak eta Malandain Ballet Biarritz dantza konpainiak elkarlanean aritzeko hitzarmena sinatu dute gaur Biarritzen. Akordioaren xede nagusia bi erakundeek elkarlanean burutu ditzaketen egitasmoen oinarriak ezartzea da. Batez ere, euskal kulturaren presentzia indartu eta sustatzea izango da erronka nagusietako bat.
Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak eta Yves Kordian Ballet Biarritz dantza konpainiako alboko zuzendariak sinatu dute hitzarmena.
Euskal Herriko konpainiak Maitaldian
Aldebiko sinadura horren baitan, besteak beste, irailaren 5etik 15era egitekoa den Maitaldia – Le temps d’aimer la danse dantza jaialdian Euskal Herriko dantza konpainiei eskainitako leiho bat egotea bermatuko du lankidetza horrek. Maitaldia dantza klasiko eta garaikidearen erakusleihoa da, nazioarteko profesional eta programatzaileak biltzen dituen topagunea. Hori dela eta, euskal dantza konpainiek beren lanak nazioartekotzeko aukera paregabea eskaintzen du.
Era berean, aurtengo edizioan, topaketa profesional bat egingo dute irailaren 6an, euskal dantza ekosistemaren egoera eta erronkak aztertu eta mugaz gaindiko lankidetza sustatzeko helburuz.
Ça colle au basque
Akordio-sinadura hori Ça colle au basque egitasmoaren baitan kokatzen da. Egitasmo honek euskal kulturaren proiekzioa frankofoniaren eremuan indartzea du helburu, alegia, euskara eta euskal kultura mintzaira frantseseko lurraldeetan proiektatzea.
Ekimenaren beste xedeetako bat, bestalde, euskararen ezagutza eta prestigioa frankofonian bultzatzea da, bai eta sortzaileen eta unibertsitateen arteko sinergiak baliatzea ere, eremu akademikoan euskal ikasketak sustatze aldera.