Manel Rodríguez-Castelló eta Contrabando argitaletxeak eskuratu dute Etxepare - LABORAL Kutxa Itzulpen Saria

2025/10/09

Euskara. Kultura. Mundura.

Tere Irastortza idazleak 1980. eta 2023. urteen artean sortutako poemen hautaketa da ‘Glosak·Glossar el Món’ liburua. Valentziako Ediciones Contrabando zigiluak eman zuen argitara iaz, katalana-euskara edizio elebidunean, Manel Rodríguez-Castellóren itzulpenarekin. Eta liburuki horrengatik jaso dute, hain zuzen, itzultzaileak eta argitaletxeak aurtengo Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria.

Liburuak Tere Irastortzaren (Zaldibia, 1961) 43 urteko ibilbide poetikoa jasotzen du. Bere lehen poesia-liburua, ‘Gabeziak’, 1980an argitaratu zen, eta ordutik hamar titulu gehiago plazaratu ditu. ‘Glosak·Glossar el món’ bilduman, irakurleak aurreko lanetako poemen aukeraketa zabala aurkituko du, baita Irastortzaren ibilbide literarioaren atzera begirako ikuspegia osatzen duten testu argitaragabeak ere.

Itzultzaileak eta argitaletxeak Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza eta LABORAL Kutxaren ordezkari Jokin Gorritiren eskutik jaso dute saria, gaur goizean Bidebarrietako Liburutegi Nagusian (Bilbo) egin den ekitaldian. Tere Irastortzak berak eta Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak ere hartu dute parte sari banaketan.

Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria 2015ean sortu zen jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatur lan baten urteko itzulpenik onena aitortzeko. Sari honek aintzat hartzen ditu bai itzulpenaren kalitatea, bai argitaletxeak egiten duen sustapen-lana.

‘Glosak·Glossar el Món’ liburuari buruz epaimahaiak nabarmendu du “bikaina” dela itzulpena, “hizkuntzari dagokionez akatsik gabea, arin irakurtzekoa eta jatorrizko testuaren estiloarekiko leiala”. Horrekin batera, “idazleak proposatutako forma poetikoak errespetatzen” dituela gaineratu du, eta “euskaraz poemak duen espirituari erantzuteko katalanezko irtenbide naturalak bilatzeko egindako ahalegina” azpimarratu. Halaber, aintzat hartu du, besteak beste, “edizio zaindua eta elebiduna” izatea.

Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Sariaren hamargarren edizio honetan honako hauek osatu dute epaimahaia: Jokin Gorriti LABORAL Kutxako ordezkariak; Imanol Otaegi Etxepare Euskal Institutuko Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko Zuzendariak; Elizabete Manterola, EHUko irakasle eta EIZIEko kideak; eta Mikel Lasa Etxepare Euskal Institutuko komunikazio arduradunak.

Saria emateko ekitaldian, Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak itzulpenaren garrantzia azpimarratu du, kanpoan euskarazko literatur sorkuntza erakutsi ahal izateko: "Itzulpena munduari irekitako atea da: gure literaturari bidaiatzeko eta beste hizkuntza eta kulturekin elkarrizketan aritzeko aukera eskaintzen dio, eta gure idazleen sormena eta talentua ezagutarazteko balio du”. Laboral KUTXAKO Jokin Gorritik berriz kreditu kooperatibak euskal kulturaren sustapenarekin duen konpromisoa azpimarratu du: “LABORAL Kutxarentzat kultura eta euskara sustatzea ez dira konpromiso txikiak, gure izaeran sakon errotuta dauden ezinbesteko ezaugarriak baitira, gizartean bereizten gaituztenak eta modu nabarian zentzua eta balioa eransten dizkigutenak”.

Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria

Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria 2015ean sortu zuten Etxepare Euskal Institutuak eta LABORAL Kutxak, jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatur lanen itzulpena aitortzeko. Euskal idazleen lanak nazioarteko publikoarengana iristeko zubia dira itzulpenak. Sari honekin, bi erakundeek itzultzaileek itzalean egindako lana azpimarratu eta balioetsi nahi dute, baita argitaletxeek euskarazko literatura itzultzearen alde egindako apustua aitortu ere.

Mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu daitezke sarira, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori aurreko urtean zehar argitaratutakoa izatea (2024an aurtengo edizioaren kasuan).

4.000 euroko sari bakarra ematen da, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatu dezaten. Izan ere, irabazleak nortzuk diren erabakitzeko orduan aintzat hartzen dira bai itzulpenaren kalitatea, baita literatura-lana argitaratu duen argitaletxearen sustapen plana ere. Halaber, 2.000 euroko laguntza gehigarria jasoko dute irabazleek literatura-lana argitaratu den herrialdean sustapen lanekin (aurkezpenak, publizitate kanpainak, etab.) jarraitzeko.

Sari honek Etxepare Euskal Institutuak euskal kultura sustatu eta nazioartean ezagutzera emateko lantzen dituen lan-ildoekin bat egiten du. Literaturaren alorrean, literatura-lanak eta laginak beste hizkuntzetara itzultzeko dirulaguntzak eskaintzeaz gain, euskal idazleentzat bidaia-poltsak ematen ditu eta nazioarteko liburu azoka eta literatura jaialdietan parte hartu eta euren lanak aurkeztea ahalbidetzeko. Halaber, sari honen bitartez LABORAL Kutxak euskara eta euskal kulturarekiko konpromisoa berresten du.

Manel Rodríguez-Castelló

Manel Rodriguez-Castelló (Alkoi, 1958) Filologia Hispanikoan lizentziaduna da Valentziako Unibertsitatean, eta katalan irakasle aritu zen bigarren hezkuntzan 1983tik 2018ra, urte horretan erretiroa hartu zuen arte. Hainbat poema-liburu idatzi ditu, baita iritzi-artikuluak, kritika eta saiakera ere.

Itzultzaile gisa, Norman McCaig (Edinburgh, 1910-1996) poeta eskoziarraren poemak ingelesetik katalanera itzultzeaz arduratu zen, Valentziako L’Aiguadolç aldizkarian (51. zkia, 2022ko udazkena) argitaratu zirenak. Allan Riach (Lanarkshire, 1957) eskoziarraren poemak ere itzuli zituen ingelesetik, eta ‘La poesia escocesa moderna/Modern Scottish Poetry" liburua koordinatu zuen 2022an.

Frantsesetik, 80ko hamarkadan, besteak beste, ‘L ´assassí de papà’, ‘Un amor màgic’ edo ‘Carles és un brut mentider’ itzuli zituen, guztiak Tàndem argitaletxearentzat. Euskaratik egin zuen lehen itzulpena ‘Muga’ liburukia izan zen (Pruna-Edicions del Buc argitaletxea, 2021), lau euskal poetaren poemak biltzen zituena: Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategi.

Ediciones Contrabando

Ediciones Contrabando 2013aren hasieran sortu zen Valentzian, batez ere narratiban, saiakeran eta poesian ahots berezi eta kalitatezkoei bide emateko. Ohikotik kanpo kokatzen diren lanak dituzten, eta arriskuaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten duten Iberiar penintsulako zein Hego Amerikako egileak biltzen ditu argitaletxeak. Marte bilduma berriz 2015ean sortu zen Contrabando argitaletxearen baitan, penintsulako hizkuntzen ahots anitzen arteko loturak estutzeko senarekin. Ordutik, kalitatezko funtsa eraikitzen joan da, penintsulako hizkuntzetan idatzitako lanen edizio elebidunen aldeko apustua eginaz. Horren adibide da Tere Irastortzaren liburuki bikoitza: ‘Glosak·Glosar el mundo’ gaztelania/euskara (egileak berak itzulia) eta ‘Glosak·Glossar el món’ katalana/euskara (Manel Rodríguez-Castellóren itzulpena).

Aurreko urteetako sarituak:

2024
Estibaliz Lizaso eta Pol·len edicions
‘Kontrako eztarritik’ (Uxue Alberdi)
Saiakera, Katalana

2023
Amaia Gabantxo eta Parthian Books argitaletxea
‘Hezurren erretura’ (Miren Agur Meabe)
Eleberria, Ingelesa

2022
Mariolein Sabarte Belacortu eta Zirimiri Press argitaletxea
‘Amek ez dute’ (Katixa Agirre)
Eleberria, Nederlandera

2021
Nami Kaneko eta Shinchosha argitaletxea
‘Soinujolearen semea’ (Bernardo Atxaga)
Eleberria, Japoniera

2020

Eider Rodriguez eta Lander Garro eta Literatura Random House
‘Bihotz handiegia’ (Eider Rodriguez)
Ipuin bilduma, Gaztelania

2019

Ainara Munt eta Pol·len edicions
‘Hilda dago poesia?’ (Joseba Sarrionandia)
Poesia, Katalana

2018

Amaia Gabantxo eta Center for Basque Studies
‘Harri eta Herri’ eta ‘Maldan Behera’ (Gabriel Aresti)
Poesia, Ingelesa

2017

Yaroslav Gubarev eta Anetta Antonenko
‘Behi euskaldun baten memoriak’ (Bernado Atxaga)
Eleberria, Ukrainera

2016

Nami Kaneko eta Hakusuisha argitaletxea
‘Mussche’ (Kirmen Uribe)
Eleberria, Japoniera

2015

Isaac Xubín eta Kalandraka argitaletxea
‘Tempo de exilio’ (Joseba Sarrionandia)
Poesia antologia, Galegoa

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>