Nerea Ibarzabal Salegik sorkuntza-egonaldia egingo du A Coruñako Residencia Literaria 1863n
2025/09/25
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuak Residencia Literaria 1863rekin batera antolatutako literatura-sorkuntza egonaldia Nerea Ibarzabal Salegik burutuko du 2025eko azaroan zehar Coruñan.
Ibarzabal Salegik Residencia Literaria 1863n egingo duen hilabeteko egonaldian aukera izango du bere sorkuntza proiektua garatzeko. Egonaldiaren helburua euskarazko literatura-sorkuntza sustatzea eta bultzatzea da, euskal idazleei espazio, denbora, giro eta baldintza ezin hobeak eskaintzea, beren sormenezko idazketa-proiektuari arreta osoz heltzeko testuinguru egoki batean.
Nerea Ibarzabal Salegi ikasketaz kazetaria da, eta jardunez bertsolaria eta idazlea. Gidoilari eta prentsako kolaboratzaile lanetan ere aritu da, banaka zein Txakur Gorria sormen-kolektiboaren baitan. 2022an argitaratu zuen bere lehen eleberria, “Bar Gloria” (Susa); urte berekoa da “Jakelinen egunerokoa” ere, haur eta gazte literaturan (Ikas Elkar). Egungo Bizkaiko bertsolari txapelduna da, eta azken Txapelketa Nagusiko finalista. A Coruñako sorkuntza-egonaldian ´Gora igo´ izeneko proiektuari ekingo dio, eta hasiera batean ipuin luzeen bilduma izango da.