Euskaraz argitaratutako lehen liburua Baionan ikusgai

2025/10/13

Euskara. Kultura. Mundura.

Baionako Euskal Museoak ehun urte bete ditu aurten eta, mendeurrenaren harira, Bernat Etxeparek idatzi eta 1545ean argitaratutako ‘Linguae Vasconum Primitiae’ euskaraz argitaratutako lehenengo liburuaren ale bakarra erakusgai jarri du.

Frantziako Liburutegi Nazionalarekin eta Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan, euskal literaturaren mugarri den obra eta haren egilearen legatua ekarri ditu lehen lerrora Baionako Euskal Museoak. Halaber, erakusketa Etxepare Euskal Institutuaren 15. urteurrenaren harira antolatutako jardueren artean kokatzen da. Hain zuzen ere, Bernart Etxepare idazlearen “euskara, jalgi hadi mundura” leloak iradoki bezala, Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal kultura sustatzea, hedatzea eta kanpora proiektatzea du helburu nagusi.

Gauzak horrela, 2026ko urtarrilaren 11ra arte, Bernart Etxeparek euskaraz idatzi eta 1545. urtean Bordelen argitaratutako ‘Linguae Vasconum Primitiae’ liburua Baionako Euskal Museoak hartuko du, Frantziako Liburutegi Nazionalak maileguan utzita. Paristik mailegatutako bildumaren aurkezpen-ekitaldia museoan bertan egin da, museoko zuzendari Sabine Cazenaveren eskutik, eta Frantziako Liburutegi Nazionaleko liburu arraroen gordailuko zuzendari Jean-Marc Chatelain eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza gonbidatu gisa.

Erakusketaren aurkezpenak euskal ondarearen memoria balioan jartzeko balio izan du. Izan ere, 480 urte dira euskal kulturaren eta euskal literatur historiaren obra aitzindaria estreinakoz Bordelen plazaratu zenetik, François Morpain inprimatzailearen eskutik.

In-4° formatuko 28 orrik osatzen duten Linguae Vasconum Primitiae. Haren itxura xumeak jakitera ematen ez badu ere, paregabeko garrantzia du euskal ondarearen historian. Izan ere, tituluak berak hain argiki iragartzen duen bezala nahiz eta latineraz izan, euskaraz inprimatua izan den lehen liburua da. Lan hori Bernat Etxepareri zor diogu, 1480 inguruan Duzunaritze Sarasketan sortu zen apezari. 1545 argitaratze urte horretan Garaziko haranean den Eiheralarreko erretorea zen, Donibane Garazitik Orreagara doan bidean.

Obra horretan, prosaz idatzitako aitzinsolas labur baten ondotik, debozio olerkiak atzeman daitezke, eta ondoren maitasun profanoei buruzko olerkiak, hauen artean delarik emakumeen laudorioz eginiko bat. Gero, bertsotan idatzirik, Nafarroako Erregearen aginduz espetxeratua izan zeneko kontakizuna dator, espetxeratze horren arrazoiak zehaztu gabe. Eta bukatzeko, bilduma horretako bi idazki ezagunenak, dantza erritmoei jarraikiz bozkarioz goratasuna ospatzen duten bi olerkiak: Kontrapas eta Sautrela. Ez dakigu zenbat aletan atera zen 1545ko argitalpena.

‘Ça colle au basque’, euskal kultura frankofonian

Mendeetan zehar gaurdaino iraun duen euskarazko lehen literatur argitalpenaren erakusketa Baionako euskal museora ekarri izana Etxepare Euskal Institutuak Frantziako Liburutegi Nazionalarekin eta, oro har, frankofoniako kultur eta akademia eremuko eragileekin, garatu duen lankidetza-esparruaren baitan eman da. Izan ere, ‘Ça colle au basque’ egitasmoa abiapuntu hartuta, Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal kultura mintzaira frantseseko komunitatean indartzea du helburu; frantsesa hizkuntza komun duten eta munduko bost kontinentetan dauden 321 milioi pertsonak osatutako kultura, nortasun eta hizkuntzen mosaikoa. Horrez gain, kultura- eta akademia-elkartrukeak sustatzea eta hizkuntza-aniztasuna batasun printzipio gisa balioestea ere xede ditu egitasmo honek. 

Euskal literaturari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>