Merina Grisen zuzenekoa, oso-osorik AEBko KEXP irratian ikusgai

2026/04/14

Euskara. Kultura. Mundura.

AEBko KEXP irrati eta plataforma digitalak Merina Gris euskal taldea protagonista duen ‘Live on KEXP’ saioa argitaratu du, 2025eko urriaren 30ean Bilboko La Encarnación elizan grabatutako zuzeneko emanaldiarekin. Grabazioa BIME jaialdiaren baitan egin zen, KEXP-ek eta BIMEk elkarlanean ondua.

Seattleko (AEB) irrati publiko independentea den KEXPek nazioarteko oihartzun handia du, bere programazioan DJen hautaketa-irizpideek duten pisuagatik eta ‘Live on KEXP’ saioen kalitateagatik. Formatu horrek mundu osoko artistak aurkezten ditu, zuzeneko grabazio zainduen bidez, eta askotariko eszenetako proposamenak nazioarteko entzuleengana hurbiltzen ditu.

Merina Gris, bestalde, Donostian sortutako taldea da, pop elektronikoa eta esperimentazioa uztartzen dituen hirukoa. KEXP-en grabatutako saioan bost kantu interpretatu dituzte, tartean ‘Ardi Latxen Herrian’ (Cris Lizarragarekin batera), ‘Hiru Damatxo’, ‘lilili’, ‘Irteera’ eta ‘Antes No Era Más Feliz’. Emanaldiak taldearen zuzeneko izaera eta bere soinuaren nortasun berezia jasotzen ditu.

Bilboko grabazio hau ‘Live on KEXP in Bilbao’ ekimenaren pean kokatzen da, BIMErekin elkarlanean garatua eta hainbat erakunderen babesarekin, besteak beste Basque. Music., Sounds from Spain, ICEX eta AIEren laguntzarekin. Testuinguru berean, Basque. Music. plataformaren bitartez euskal artistek presentzia izan zuten jaialdian, hala nola Marte Lasarte, Maloa Brothers eta Txopet taldeek showcase bana eskaini baizuten nazioarteko profesionalen bertaratzea baliatuta.

Basque. Music. egitasmoa, hain zuzen ere, Etxepare Euskal Institutuaren eta Musika Bulegoaren nazioartekotze-estrategiaren barruan kokatzen da. Bi erakundeek, Eusko Jaurlaritzarekin batera, euskal musikaren presentzia nazioarteko azoka eta topagune profesionaletan sustatzen dute, eta artistei ikusgarritasuna emateaz gain, sektoreko harreman-sareak indartu eta zirkulazio-aukerak zabaltzen dituzte. 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>