Montrealen dantza garaikideko sorkuntza egonaldia egiteko deialdia, irekita

Euskara. Kultura. Mundura.

2022-03-07

Etxepare Euskal Institutuak eta Quebeceko Arte eta Letren Kontseiluak (CALQ, Conseil des Arts et des Lettres), Gipuzkoako Dantzagunearekin eta Tabakalerarekin batera, deialdia ireki dute Saison Québec-Pays basque egitarauaren baitan, Montrealen (Quebec) 2022ko udazkenean pieza koreografiko bat prestatzeko bi hilabeteko egonaldia egiteko. Martxoaren 28ra arte aurkeztu daitezke hautagaitzak.

Montrealgo Dantza Garaikideko Eskolan (EDCM, École de Danse Contemporaine de Montreal) ikasketak burutzen ari diren azken kurtsoko ikasleentzako pieza koreografiko bat sortzeko proiektuak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek, eta bi hilabeteren buruan Montrealen bertan estreinatuko dute lana.

Etxepare Institutuak 4.000 euroko dirulaguntza emango dio hautatutako pertsonari, eta Quebeceko Arte eta Letren Kontseilua arduratuko da haren egonaldiaz. EDCM eskolak bere gain hartuko ditu proiektuaren ekoizpen-gastuak, eta horrez gain, EDCMk 4.500 kanadar dolar ordainduko dizkio pieza koreografikoaren egile-eskubideengatik.

Saison Québec – Pays Basque

Joan-etorriko izaera duen Saison Québec – Pays Basque programaren baitako deialdia da proposamen hau. Proiektuaren helburua da euskal kultura eta sorkuntza garaikideari Quebecen leiho bat irekitzea, eta, aldi berean, Quebeceko sortzaileen lana Euskadin erakustea, hizkuntza, kultura eta artearen bidez bi herrialdeen arteko harremana estutuz. Ekimenak, kultura, sorkuntza garaikidea eta hizkuntza ardatz hartuta, diziplina anitzeko eskaintza zabala sustatzen du.

Proposamen honen bidez, euskal kultura eta sorkuntzaren aberastasuna ezagutzeko aukera izango du Quebeceko publikoak. Halaber, kultur eragileen arteko lankidetza, eta artista, sortzaile eta kultur industrien hartu emana sustatuko da.

Pandemiak atzeratu egin zituen aurreko deialdiko egonaldiak, eta Xian Martinez egunotan ari da prestatzen Montrealen 2020ko udazkenean prestatzekoa zen lana. Era berean, Bettina Szabok amaitu berriak ditu Tabakaleran eta Gipuzkoako Dantzagunean egindako sorkuntza-egonaldiak, eta apirilean aurkeztuko du Dantzazekin prestatutako pieza koreografikoa.

Aurreko edizioetan hautatutako koreografoen artean daude Iker Arrue, Natalia de Miguel, Jorge Jauregi eta Xian Martinez euskal herritarrak eta John Gerena, Louise Bedard eta Bettina Szabo quebectarrak.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu