Montrealen euskal ikasketen katedra berria sortzeko lehen urratsa
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuak, Agirre Lehendakaria Center (ALC) eta McGill Unibertsitateak lankidetza hitzarmena sinatu dute, datozen hilabeteetan euskal ikasketen katedra berri bat sortzea ahalbidetuko duena. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Irene Larraza, Institutuko zuzendaria, Quebec-ekin kultur harremanak sendotzeko asmoz egiten ari diren bidaiaren testuinguruan sinatu da akordioa.

Katedra berria McGill Unibertsitateko CRIEM (Centre de recherches interdisciplinaires en études montréalaises) zentroan egongo da kokatuta, eta kultura eta berrikuntza soziala izango ditu ardatz. Hizkuntza, eleaniztasuna eta kulturartekotasuna dira, besteak beste, CRIEM-en lan-arlo nagusiak. Era berean, McGill Unibertsitateko eta Euskal Herriko ikerlari eta akademikoen arteko elkartrukea bultzatuko da, nazioartean erreferentzia den unibertsitate honetan euskal kulturari buruzko ikerketa sendotzeko.
Katedra berrian eskainiko diren ikasketetan Quebec eta Euskal Herriaren arteko ikuspegi konparatua landu, eta bi kulturen arteko elkarrizketa sustatuko da. Graduondoko ikasleei zuzenduta egonagatik ere, graduko ikasle eta unibertsitateko osoko komunitateari irekita egongo dira ikasketak.
Etxepare Euskal Institutuak mundu akademikoan euskal ikasketak sustatzeko zortzi katedra jarri ditu abian orain arte Liverpool, Chicago, Bordeaux-Montaigne, Massachusetts Amherst, New York, Johann Wolfgang Goethe, Nevada Reno eta Boise State unibertsitateetan. McGill Unibertsitatearekin sinatutako akordio honek euskal kultura nazioarteko ikasle eta ikerlarien artean ikusgarriago egiten lagunduko du. Nazioarteko sailkapenetan punta-puntan dagoen unibertsitatea da McGill –Kanadako zaharrena- eta 150 herrialdetako ikasleak ditu.