Musika Bulegoa sariek 11 talde edo artistaren lana saritu dute

Euskara. Kultura. Mundura.

2020-10-01

Atzo banatu ziren 2020 Musika Bulegoa Sariak, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan osasun neurriak zainduz egindako ekitaldi batean. Guztira hamaika saritu izan ziren bertan; horien artean, Niña Coyote eta Chico Tornado rock bikoteak Etxepare Saria eraman zuen nazioartean egindako lanarengatik.

Pandemiaren ondorioek gogor markatutako urte honetan, kultur egitasmoak aurrera ateratzeko aldarrikapenak ez ziren falta izan atzoko ekitaldian. Zea Mays, Xabi Aburruzaga, Zukan hirukotea, Pascal Gaigne, Niña Coyote eta chico Tornado, Maite Larburu, Kafe Antzokia, Euskal Barrokesemble, Eresbil, Dupla eta Baloreak izan dira 2020ko edizioko hamaika sarituak. Profil ezberdinetako talde edota artistak izanik ere, “guztiek gauza bat amankomunean” dutela baieztatu zuen antolakuntzak: “primerako lana egiten dute”. Saritutako 11 proiektuek 2.000 euro eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura bat jaso zituzten.

Ekitaldiak zuzeneko musika izan zuen, urtero bezala. Ilaski Serranok aurkeztutako ekitaldian, Xabi Aburruzaga trikitilari eta konpositorearen doinuak, Zukan hirukoteak egiten duen lana eta Duplaren pop, elektronika eta hip hop estetika uztartzen dituen musika entzuteko aukera izan zen. Halaber, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza ere bertan izan zen, nazioartean euskal kultura zabaltzen egindako lanarengatik Niña Coyote eta Chico Tornado rock bikoteari Etxepare Saria emateko.

 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu