IRL eta Etxepare Euskal Institutuak elkarlanean online hezkuntzaren erronkari aurre egiteko

Euskara. Kultura. Mundura.

2020-10-20

Gaur arratsaldean elkartuko dira Etxepare Esukal Institutuko eta Institut Ramon Llulleko (IRL) irakurletza sareak elkarlanean antolatutako mintegi batean. Ordu t’erdi iraungo duen saioa online irakaskuntzak sortzen dituen erronken eta aukeren inguruan datza: ikasleen arteko interakzioa, talde-dinamikak, ebaluazioak, unitate didaktikoak, etab.

Institut Ramon Llulleko Alba Gironek eta Etxepare Euskal Institutuko Paula Motrikok zuzendutako mintegiak euskal eta katalan irakurletza sareen arteko erlazioa sendotzeko aukera emango du. Munduan zehar sakabanatuta dauden unibertsitateetan irakatsi arren, guztiek online irakaskuntzaren erronkari aurre egin behar diote.

Institut Ramon Llull erakunde publikoa da, eremu akademikoan katalanezko ikasketak, katalanez idatzitako literatura eta pentsamenduaren itzulpena eta katalanezko kultur ekoizpena atzerrian sustatzeko sortua.

 

Atzerrian euskararen irakaskuntza sustatzen

Euskara eta euskal kultura nazioartean sustatu eta hedatzea du helburu Etxepare Euskal Institutuak. Gaur egun, 35 irakurletza ditu Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan, eta horietan euskara eta euskal kulturako 29 irakasle ari dira lanean. Horiez gain, euskal gaietan sakontzeko helburua duten 9 katedra ere sortu ditu, beste horrenbeste unibertsitatetan.

 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu