Ruper Ordorikak eskuratu du Euskarazko Album Onenaren Etxepare saria, MIN Sarietan

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-03-14

- Bakarka diskoan, bere ibilbideko 12 abesti esanguratsu bildu ditu, gitarra eta ahotsaz soilik lagunduta.

- Bakarka diskoan, bere ibilbideko 12 abesti esanguratsu bildu ditu, gitarra eta ahotsaz soilik lagunduta.

Bart izan zen Espainiako Musika Independentearen MIN sarien banaketa ekitaldia, Madrilgo Teatro Circo Price aretoan. Aurten, Euskarazko Album Onenaren Etxepare Saria jaso duena Ruper Ordorika izan da, Bakarka albumari esker. Horrez gain, gaueko irabazle nabarmena Morgan talde madrildarra izan zen.

Ruper Ordorikak, Bakarka izeneko diskoan, 40 urteko ibilbidean argitaratutako hamabi kantu berreskuratu eta ordena kronologikorik gabe bildu ditu. Gitarra eta ahotsa protagonista dira bere azken lan honetan, eta biluztasun horrek atmosfera intimista bat ematen dio emaitzari. Atzoko zeremonian, Izaro abeslaria izan zen Ruperri saria emateaz arduratu zena. Irabazteko hautagai ziren gainontzeko euskal taldeen artean Gatibu, Broken Brothers Brass Band, Revolta Permanent eta Izaki Gardenak zeuden.

Sari banaketan protagonismo handiena eduki zuena, aurtengoan, Morgan talde madrildarra izan zen. Rock Albumik Onena, Zuzeneko Onena, Ekoizpen Onena, Artista Onena eta Album Onena izan ziren boskoteak irabazi zituen sariak. Kategoria hauetako batzuetan, izendatuta zeuden Atom Rhumba edota Belako euskal taldeei gailendu zitzaien.

Unión Fonográfica Independiente (UFI) erakundeak antolatzen dituen MIN Sariak 2009 urtean sortu ziren estatu mailako sorkuntza artistikoari, kultur aniztasunari, talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek ekoiztutako lanei ikusgarritasuna emateko, eta musika independentea estatu mailan eta nazioartean sustatzeko.

Etxepare Euskal Institutuak 2014. urteaz geroztik babesten du Euskarazko Album Onenaren Saria MIN Sarietan, euskaraz egindako musikari estatu mailan ikusgarritasuna emateko helburuarekin. Aurreko urteetan Berri Txarrak, Jabier Muguruza, Niña Coyote eta Chico Tornado eta Delorean izan dira talde sarituak.

Kategoria guztietako irabazleak, esteka honetan.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Gune hau reCAPTACHAk babestuta dago eta Googleko Pribatutasun Politika zein Zerbitzuaren Baldintzak aplikatzen dira.