Saison Québec – Pays Basque egitasmoa aurkeztu da

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-03-24

Gaur aurkeztu da, Donostiako Tabakaleran, Saison Québec – Pays Basque (Quebec – Euskadi denboraldia) Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburua; Isabelle Dessureault, Quebeceko Iberiar Penintsularako ordezkaria; Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria eta Joxean Fernandez, Euskadiko Filmategiko zuzendariaren eskutik. 

Quebeceko eta Euskadiko hiri nagusietan 2021. eta 2022. urteetan zehar burutuko den programa kultural eta artistiko honek joan-etorriko izaera dauka. Euskal kultura eta sorkuntza garaikideari Quebecen leiho bat irekitzea da helburua eta, era berean, Quebeceko sortzaileen lana Euskadin erakustea, hizkuntza, kultura eta artearen bidez bi herrialdeen arteko harremana estutzea jomuga. Etxepare Euskal Institutuak eta Quebeceko Kultura eta Komunikazio Ministerioak bideratu dute ekimena.

Ekimenak, kultura, sorkuntza garaikidea eta hizkuntza ardatz hartuta, diziplina anitzeko eskaintza zabala aurreikusten du, betiere Covid-19ak eragindako egoeraren bilakaerari lotuta. Proposamen honen bidez euskal kultura eta sorkuntzaren aberastasuna ezagutzeko aukera izango du Quebeceko publikoak eta Quebeceko sorkuntzaz gozatzeko parada izango du euskal ikuslegoak. Halaber, kultur eragileen arteko lankidetza, eta artista, sortzaile eta kultur industrien hartu emana sustatuko da.

Egitasmoaren lehen mugarria Euskadiko Filmategiak eta Cinémathèque Québecoisek eskainiko duten zine ziklo trukaketa izango da. Apirilaren 1etik ekainaren 26era Quebeceko zinea ikusgai izango da Euskadiko Filmategian, eta irailetik aurrera euskal zine ziklo bat programatuko du Cinémathèque Québecoisek.

Saison Québec - Pays Basque  egitasmoak 2017. urtean Euskadiko eta Quebeceko gobernuek sinatutako Elkar-Ulermenerako Memorandumean du jatorria. Quebec, Euskadiren nazioartekotzeko estrategian lehentasunezko bazkidea da eta, besteak beste, aniztasun kultural eta linguistikoaren babesa, berrikuntzaren aldeko apustua, eta ingurumenarekin eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko konpromisoa partekatzen dituzte bi herrialdeek. Akordio horretan, ingurumena, garapen ekonomikoa eta berrikuntzarekin batera, kultur esparruan bi herrialdeen arteko lankidetzan sakontzeko helburua jasotzen da.

Etxepare Euskal Institutua 2019. hasi zen Euskadiren kanpo harremanetarako eta nazioartekotzerako estrategikotzat identifikatutako lurraldeei modu berezian erreparatzen. Hala sortu ziren Kultur Konexioak, nazioarteko harreman horietan kultur dimentsioa txertatu, herrialde eta kultura horiekin loturak estutu eta harreman iraunkorrak bideratu, sortzaile eta kultur eragileen artean zubiak eraiki eta lankidetza sendotu, eta eremu kultural eta akademikoan hartu-emana sustatzeko.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu