Sunny Side of the Doc dokumentalen azokan parte hartzeko izena eman daiteke

Euskara. Kultura. Mundura.

2022-03-21

Sunny Side of the Doc dokumentalen nazioarteko azoka egingo dute ekainaren 20tik 23ra, eta euskal ikus-entzunezkoek beraien txokoa izango dute Basque.Audiovisual.-en stand-ean. Zineuskadi, Eiken (Basque Audiovisual and Digital Content Cluster) eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko lankidetzari esker, ‘Basque docs’ katalogoa ere eskuragarri izango dute bisitariek. Azokan bertan parte hartzeko edo katalogoan agertzeko izen-emate epea zabalik dago.

Basque. Audiovisual. standaren babespean izena emateko jarraibideak jaialdiaren web orrian daude kontsultagarri. 2022ko edizioan, garrantzia berezia eman nahi diete zinemagile berriei, eta horregatik, #newvoices izango da azokako lelo nagusia.

Urtero Arroxelan (Frantzia) egiten den azoka hau erreferente bihurtu da dokumentalgintzako profesionalen artean, 60 herrialdetako 2.000 profesional baino gehiago biltzen baitira bertan. Aurrez aurre egin ahal izateaz gain, birtualki parte hartzeko aukera ere izango da aurtengoan.

Erakustoki birtual horretan, Euskadi, Nafarroa, eta Iparraldeko ekoiztetxeei eta profesionalei haien proiektuak landu, koprodukzioak sustatu, eta banatzaileak nazioartean bilatzeko espazio bat eskainiko zaie.

 Parte-hartze honek Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen babesa du.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu