Suns Europe: Olatz Salvador

Euskara. Kultura. Mundura.

Suns Europe: Olatz Salvador
  • 26
    Aza 2022
    Udine

Olatz Salvador musikariak Udinen (Italia) egingo den Suns Europe (Europako Soinuak friulieraz) Europako hizkuntza gutxituetako arte eszenikoen jaialdiaren itxiera ekitaldian hartuko du parte.

Azaroaren 26an izango da, 21:00etan, Udineko Nuovo Giovanni antzokian.

Ekitaldiak musika-lehiaketa forma izango du, eta bertan Gales, Friuli, Karst, Drenthe, Sardinia eta Euskal Herritik joandako sei musika taldek hartuko dute parte. Bakoitzak 15 minutuko emanaldia eskainiko du, eta amaieran, epaimahai artistiko batek eta antzokira bertaratutako publikoak emango dituzte sariak.

Hainbat urtez Skakeitan taldearekin aritu ostean, 2018an kaleratu zuen bere bakarkako lehen estudio lana, ‘Zintzilik’. 2020an ‘Euria’ kantua plazaratu eta gero, 2021an eman zuen argitara ‘Aho Uhal’, bere bigarren estudio lana.

Olatz Salvadorrekin batera, Massimo Silverio, Violoncelli Itineranti, Rick Hilberts eta Ealûs taldeak ere igoko dira Teatro Nuovo Giovanniko oholtzara.

Suns Europe 2009an hasi zen Friulin, Europako bihotz eleaniztunean, Europako Alpe eta Mediterraneo aldeko komunitate gutxituentzako musika-lehiaketa bezala. Jaialdia garatzen joan da Europako hizkuntza-talde gutxituetako artisten topaleku eta elkartrukerako gune bilakatu arte. Ekitaldia aukera bat da Europako komunitate guztiak beren hizkuntza-eskubideez, eta kultura-aniztasunak ondare, eskubide eta aukera bezala duen garrantziaz jabetu daitezen.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu