Teatro a mil: Marie De Jongh + Deabru Beltzak

Euskara. Kultura. Mundura.

  • 03
    Urt 2026
    25
    Urt 2026
    Santiago

1994az geroztik, urtarrilero, Santiago hiriburua eta Txileko hainbat hiri eszenatoki ezin hobea bihurtzen dira arte eszenikoetara hurbiltzeko. Hiru astez, Teatro a mil jaialdia sorkuntza garaikideari so egiteko gune pribilegiatua da, bikaintasun artistikoaren eta garrantzia sozial eta politiko handiko proposamenen alde egiten duena.

Bere nazioarteko programazioaren baitan, Festival Teatro a Mil 2026 jaialdiak Marie De Jongh eta Deabru Beltzak euskal konpainiak hartuko ditu aurten Etxepare Euskal Institutuaren lankidetzari esker.

Marie De Jongh

‘Mr. Bo’ taularatuko du Marie De Jongh konpainiak. Gorputzaren bidez, hitzik gabe eta clown teknikak baliatuta, botere-, morrontza- eta tirania-jokoei buruzko istorio polemikoa dakar. Desproportzioekin jolasten duen eszenografiarekin, eta maskara handien eta iman bidezko ezarkin dibertigarrien bidez, antzezlanak hizpide ditu Bo jaunarentzat bizitza osoa lanean daramaten hiru zerbitzari; marmartia eta apetatsua da Bo jauna, eta begirunerik eta errespeturik gabe tratatzen ditu. Oso ohituta daude bere aginduak betetzera, eta ahaztu egin dute behinola, Bo haurra zenean, “aski da" esateko gai izan zirela. Orain beranduegi dirudi, baina beharbada bigarren aukera bat izango dute. Familia osoarentzako ikuskizuna da, nahita bilatutako inozentziaz eta umorez esploratzen dira botere despotikoaren zergatiak eta hari aurre egiteko moduak.

Hamarna ikuskizun eskainiko ditu Marie De Jongh konpainiak Teatro a Mil jaialdiaren egitarauan, Santiagon zein Txileko beste hainbat tokitan:

  • Urtarrilak 4, igandea, 20:00etan, Iquiqueko udal aretoan
  • Urtarrilak 7, asteazkena, 20:30ean, Mejillones udalerriko Gamelin Guerra antzokian
  • Urtarrilak 8, osteguna, 20:00etan, Antofagastako udal aretoan
  • Urtarrilak 11, igandea, 19:00etan, Concepción hiriko Biobío aretoan
  • Urtarrilak 13, asteartea, 19:00etan, Santiago hiriko Fundación Centro Cultural Lo Prado kulturgunean
  • Urtarrilak 14, asteazkena, 19:30ean, Tiltil udalerriko kulturgunean
  • Urtarrilak 15, osteguna, 20:00etan, Santiago hiriko Espacio Matta kulturgunean
  • Urtarrilak 16, ostirala, 20:00etan, Buin hiriko kulturgunean
  • Urtarrilak 17, larunbata, 20:00etan, Buin hiriko kulturgunean
  • Urtarrilak 18, igandea, 20:00etan, Viña del Mar hiriko kulturgunean

Deabru Beltzak

Deabru Beltzak kale-antzerki taldeak ere, bestalde, Teatro a Mil jaialdiaren programazioaren baitan izanen da, eta ‘Su Talka’ ikuskizun ibiltaria eskainiko du urtarrilaren 10etik 17ra egingo dituen sei emanalditan. Perkusioa eta piroteknia baliatuta, ikusleak interpelatzen dituen eta eszenaren mugak gainditzen dituen erritu garaikidea da ‘Su Talka’. Honako toki eta datetan ariko da Deabru Beltzak:

  • Urtarrilak 10, larunbata, 21:00etan, Antofagastako Croacia parkean
  • Urtarrilak 12, astelehena, 21:00etan, Iquique hiriko Pican
  • Urtarrilak 14, asteazkena, 21:30ean, Puente Altoko C. Sanchez Fontecilla y del Sol Ponienten
  • Urtarrilak 15, osteguna, 21:30ean, Santiago hiriko Maipú auzoko Los Pajaritos 2045 etorbidean
  • Urtarrilak 16, ostirala, 21:30ean, Santiago hiriko El Bosque auzoko Bonilla plazan
  • Urtarrilak 17, larunbata, 21:30an, Santiago hiriko Renca auzoko Blanco Encalada 1335en

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>