Hizkuntza gutxituen erronkak Parisera eraman ditu Etxepare Euskal Institutuak
2025/11/25
Euskara. Kultura. Mundura.
15. urtemuga-ekitaldien baitan, ‘Hizkuntza gutxituak testuinguru frankofonoan: itzuli, transmititu, eraldatu’ nazioarteko kongresua antolatu du Etxepare Euskal Institutuak Sorbonne Nouvelle eta Sorbonne unibertsitateetan, azaroaren 19an eta 20an, hurrenez hurren. Mintzaira frantseseko komunitateen hizkuntza gutxituek duten erronkez eztabaidatu dute 20 bat hizlari hartu dituen biltzar akademikoan.
Ibone Bengoetxea lehendakariordeak eman die hasiera bi jardunaldiei, eta harekin batera izan dira Capucine Boidin-Caravias Sorbonne Nouvelle unibertsitateko ikerketa batzordeko lehendakariordea eta Béatrice Pérez Sorbonne unibertsitateko Letren Fakultateko katedraduna.
Euskara abiapuntu eta inspirazio-iturri hartuta, hiru mahainguruk eta bi hitzaldi nagusik osatu dute kongresua, artean han hemenka bestelako hizkuntza gutxituen kasu azterketak aurkeztu dituztelarik. Izan ere, hizkuntza gutxitu horien guztien itzulpen-, transmisio-, eta aintzatespen-dinamikei buruz hausnartu dute adituek, baita haien eskubideen aitortzari buruz jardun ere.
Lehenik, Sorbonne Nouvelle unibertsitatea izan da biltzar akademikoaren lehen jardunaldiaren egoitza. Itzulpen-politikak eta -praktikak xehe aletu zituen lehen eztabaida-zatiak, ele horien mesederako zein bazterketarako. Halaxe, bretoierazko itzulpena hartu zuen hizpide David Ar Rouzek, eta Guyana Frantseseko hizkuntza indigenak Antonia Cristinoi Bursuc adituak. Hein berean, euskaratik frantseserako literatura-itzulpenari buruzkoak bildu zituen Elizabete Manterolak, eta 1958an Parisko Euskal Etxeak antolatu zuen antzerki-itzulpenen inguruko lehiaketa aurkeztu zuen Miren Ibarluzeak. Bukatzeko, Ipar Euskal Herriko gizarte zibilak mobilizazioetan jarri zuen fokua Xabier Itçainak.
Biharamunean, Sorbonne unibertsitateak egin zion abegia biltzar akademikoaren bigarren jardunaldiari. Bertan, hizkuntza minorizatuen transmisioaz, bereganatzeaz eta birjabetzeaz jardun zuten Raquel Gómez Pintado, Ralph Ludwig, Aitzpea Leizaola eta Céline Mounole ikerlariek. Rennes 2 unibertsitateko Philippe Blanchet katedradunak minorizazio soziolingustikoaren hegemonia-mekanismoak horien biktimen oinarrizko hizkuntza-eskubideekin erkatu zituen. Horrez gain, mintzaira gutxituen instituzionalizazioaren erronkei heldu zieten Cécile Rousselet, Myriam Bergeron-Maguire, James Costa eta Eguzki Urteaga akademiakideek, eztabaida sutsuak piztuz eta entzuleen parte-hartze aktiboa eraginez.
Sare akademikoa ehuntzeko sasoian
Hizkuntza gutxituek testuinguru frankofonoan egun dituzten erronkei buruz hausnartzeko kongresu honek Etxepare Euskal Institutuak Sorbonne Nouvelle eta Sorbonne unibertsitateekin abiatutako lankidetzan sakontzen du. Izan ere, goi-mailako bi ikasketa-zentro horietan hamarkada baino gehiagoko ibilbidea jorratu dute euskal ikasketek, eta halako ekitaldi akademikoek Etxepare Euskal Institutuak berezko duen euskararen eta euskal ikasketen proiekzioa sendotu egiten dute.
Etxepare Euskal Institutuak, hain zuzen ere, katedra berri bat sortuko du Sorbonne unibertsitatean datorren ikasturtetik aurrera: Esther Ferrer katedra. Euskal Herriko artista plastikoaren izena daraman irakaskuntzak hizkuntza, artea, pentsamendua eta esperimentazioa uztartuko ditu. Esther Ferrerrek bere lan artistikoa performancearen, eskulturaren edo instalazioen esparruan gauzatu du, eta bere lanak nazioarteko hainbat galeriatan eta jaialditan erakutsi dira.
15. urteurren ospakizuna
Aurten 15 urte bete dira Etxepare Euskal Institutuak bere abiatu zuenetik, eta urteurren hori ospatzeko antolatutako ekitaldien baitan kokatzen da nazioarteko kongresu akademiko hau. Ospakizun ekitaldi nagusia, alabaina, Frantziako Liburutegi Nazionalean izan da, azaroaren 19an. Halaber, Sorbonne Nouvelle eta Sorbonne unibertsitateetako bi eguneko biltzarra ‘Ça colle au basque’ egitasmoaren baitan kokatzen da; euskara eta euskal sorkuntzaren proiekzioa frankofonian sendotu asmo du egitasmo honek.