Ulsan‑Ulju Mountain Film Festival: Hello, Bilbao‑Bizkaia!

Euskara. Kultura. Mundura.

  • 18
    Ira 2026
    22
    Ira 2026
    Ulsan

Hego Koreako Ulsan-Ulju Mountain Film Festival jaialdiak euskal mendi zinemagintzari eskainitako Hello, Bilbao-Bizkaia! sail berezia hartuko du irailaren 18tik 22ra. Zortzi euskal film proiektatuko dira programa horren barruan, eta beste euskal ekoizpen bat, Sustraiak. Raíces perdidas, jaialdiko Sail Ofizialean lehiatuko da.

Ulsan-Ulju Hego Koreako nazioarteko mendi zinema jaialdi nagusia da. Iaz, munduko mendi zinema jaialdi esanguratsuenei eskainitako atal bat jarri zuen martxan Hello, Trento! programarekin. Aurten, berriz, euskal mendi zinemagintzan jarriko du arreta, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiak egindako hautaketaren bidez. Bi jaialdiak Mendiko Filmetarako Nazioarteko Aliantzako kide dira.

Hello, Bilbao-Bizkaia! programak azken urteetako euskal mendi zinemagintzaren sormenaren eta aniztasunaren erakusgarri diren zortzi lan eramango ditu Hego Koreara:

  • Abata — Aner Etxebarria (2026)

  • Harri, Orri, Arkatz — Jon Herranz (2025)

  • Izarren Zaunka — Nagore Eceiza (2025)

  • Natura Fugit — Jesús Mari Lazkano (2025)

  • Haize Lerroak — Janire Etxabe (2024)

  • Peligro. No asomarse — Dani Cascales (2024)

  • Una mirada atrás. El arte de equipar — Alfonso García (2024)

  • Hire Himalaya — Alberto Iñurrategi (2003)

Zinemagileetako bost —Aner Etxebarria, Jon Herranz, Jesús Mari Lazkano, Janire Etxabe eta Dani Cascales— Ulsan-Uljun izango dira beren lanak aurkezteko. Haiekin batera, Jabier Baraiazarra Mendi Filmeko zuzendaria eta Mendiko Filmetarako Nazioarteko Aliantzako presidentea ere Hego Koreara joango da.

Horrez gain, Luis Arrietaren Sustraiak. Raíces perdidas dokumentala jaialdiko Sail Ofizialean lehiatuko da. Mendi Film Bizkaia Ternua Bekaren laguntzarekin egindako lanak Kultura eta Natura Film Onenaren saria jaso zuen 2025eko Mendi Filmen, eta 2026an Mario Bello saria eskuratu zuen Trentoko jaialdian. Arrieta ere Ulsan-Uljun izango da filma aurkezteko.

Etxeparek lagunduta

Etxepare Euskal Institutuak euskal ordezkaritzaren parte-hartzea lagunduko du, euskal kultura eta sorkuntza nazioartean ezagutarazteko egiten duen lanaren barruan. Hello, Bilbao-Bizkaia! programak euskal mendi zinemagintzaren sormen-une oparoa erakutsi eta haren nazioarteko proiekzioa indartzeko aukera eskainiko du.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>