Unibertsitateetako Irakurletza eta Katedrak egoerara egokitu dira

Euskara. Kultura. Mundura.

2020-05-21

Mundu mailako Unibertsitate gehienak osasun larrialdia dela eta itxi egin direla ez da gauza berria. Etxepare Euskal Institutuak 18 herrialdetako 35 unibertsitatetan kudeatzen dituen euskara eta euskal kultur irakurletzek, baita bederatzi katedrek ere, egoera berri honetara egokitu behar izan dute, baina gehienek aurrera jarraitzeko bidea topatu dute.

Aurreko artikulu batean aipatu bezala, munduan zehar barreiatuta dauden 29 irakurleek ahalegin handia egin dute euren euskara eta euskal kultur eskolak online modalitatera egokitzeko. Gehienek nahiko ondo daramate egokitzapen hori, zailtasunak zailtasun, eta ideia berritzaileei bidea irekitzeko balio izan die batzuei.

Katedren kasua, ordea, ezberdina da. Hauetan, urtero aditu ezberdin bat gonbidatu ohi dute gradu eta graduondoko ikasleei euskal ikasketen inguruko hainbat ikasgai, mintegi edota hitzaldi ematera, eta askok aurrez aurreko modalitate hori gabe aurrera egiteko zailtasunak dituzte.

2020ko udaberrian ospatzekoak ziren bost katedrek, beraz, modu ezberdinak topatu dituzte euren programazioek kalte handirik jasan ez dezaten. Chicagoko Unibertsitateko Koldo Mitxelena Katedra, adibidez, 2021ko udaberrira igaro dute oso-osorik; eta gauza bera egin dute Bordeleko Jean Haritschelhar Katedraren eta Liverpoolgo Unibertsitateko Manuel Irujo Katedraren programazioekin, nahiz eta azken honek eskaintzen duen Manuel Irujo MRes ikerketa bekaren deialdiak irekita jarraitzen duen, ekainaren 15era bitarte. Frankfurteko Goethe Unibertsitatean dagoen Eduardo Chillida Katedrak, aldiz, bi konponbide ezberdin aurkitu ditu: 2019-2020ko bigarren lauhilekorako programatua zegoen ikasgaia online bidez ematen ari diren bitartean, ekainean egin behar zuen workshop edo tailerra udazkenera atzeratu dute. Boise State Universityko Eloise Garmendia Bieter Katedra martxoan zen hastekoa, eta larrialdi-egoerak bete-betean hartu du; oraingoz udazkenera atzeratu dute, eta egoeraren arabera online bidez egitea planteatuko da.

2020ko udazkenean burutzekoak diren Katedren programazioek ere etorkizuna zalantzan dute, baina badituzte alternatibak. New Yorkeko CUNY Unibertsitateko Bernardo Atxaga Katedra urrian da egitekoa, Mari Jose Olaziregiren gidaritzapean; eta aurrez aurreko saioak prest dauden arren, posible da online modalitatera igarotzea. Amale Artetxe, Argentinako CONICET zentroarekin adostutako katedra berria, udazkenerako aurreikusia dagoen arren, hastapenetan da oraindik, eta etorkizun hurbilean emango da argitzera egitaraua eta prozedura. Massachusetts – Amherst Unibertsitatean kokatzen den William Douglass Katedra abendurako dago aurreikusia, eta espero da aurrez aurre egin ahal izatea. Azkenik, ikerketa egonaldi batean oinarritzen den Renoko Jon Bilbao Katedra aurtengo ikerlariaren hautaketa-prozesuan dago, laster iragarri ahal izango dena. Egonaldia udazkenean egitea aurreikusten da.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu