Uxue Alberdirekin solasaldia II/II: nortasuna, hegemonia, kolaborazioak eta ‘orientazio linguistikoa’

Euskara. Kultura. Mundura.

2022-01-12

‘Jenisjoplin’ liburuan, beharbada, zuzenago. Baina gainerako lanetan ere bai, zeharka bada ere. Identitatearen inguruko hausnarketa konstantea da Uxue Alberdiren lanetan. Nortasunaren inguruan idazteaz gain, asko hausnartzen omen du horren inguruan, ‘nork’ eta ‘nondik’ horiek iparrorratz bilakatuz ia bere egunerokotasunean. Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan, Mexikon, hartu du parte idazle eta bertsolariak, hainbat eta solasalditan, besteak beste. Horren harira, komunitateaz, itzulpenez eta aukera berriez hausnartzen du Alberdik elkarrizketaren lehen zatian. Orain, bigarren erdika honetan, nortasuna, hegemonia, kolaborazioak eta ‘orientazio linguistikoaz’ mintzatzen da.

-Identitatearen inguruko hausnarketaren isla sumatzen da ‘Jenisjoplin’-en.

-Bai. Justu bada liburuaren gai zentraletako bat, identitatearen berrasmatzea plano pertsonalean eta kolektiboki. ‘Dendaostekoak’-en ere, istorioaren ardatzean kokatzen dira zenbait galdera. Kontatzen duen ahotsa norena den, ze ahots, gorputz eta bizipen egon diren eskaparatean, eta zer egon den dendaoste horretan… ‘Kontrako eztarritik’ liburuan ere badago hausnarketa bat. Nork erabakitzen du nor den bertsolaria? Zer da bertsolaritza? Nolakoa da bertsolari ona?

Iruditzen zait kontatzen hasten zaren momentutik, idazten duzunean, hor dagoela harremana ahotsarekin. Zer esan dezakeen, zer ez eta nola harremantzen den beste ahotsekin. Pentsatzen dudanean nire ahotsean, eta nor naizen, bi ardatz edukitzen ditut kontuan, sendoen sentitzen ditudanak: hizkuntzarena eta feminismoarena. Euskaraz naiz eta euskararena da nire komunitatea. Bestalde, emakumea naiz eta hala irakurtzen naute. Hori da nire buruarekin eta inguruarekin harremanetarako dudan esperientzia.

Hala ere, denontzat da bakoitzaren identitatea zentrala. Batzuena zentroan dago eta ez dago mehatxatuta, eta ondorioz, errazagoa da ez sentitzea zein den. Gizon askok ez dute sentitzen euren generoa, ez dute uste bereziki baldintzatu dienik, emakume gehienok argi dugun bitartean zenbateraino bizi izan ditugun zenbait gauza, hain justu, emakume izateagatik.

Sexualitatearekin ere gertatzen da, heterosexualitatearekiko presuntzioarekin. Edo armairutik ateratzen zara etengabe, edo hala irakurriko zaituzte. Miren Amurizak ‘Basa’ eleberrian aipatzen du asko gustatzen zaidan terminoa: orientazio linguistikoa. Azaltzen du hizkuntza gutxituetan idazten dugunok soilik dugun zerbait dela, erabaki bat kanpotik erradikaltzat hartu daitekeena, adibidez, logikoa ez dela irudi dezakeen heinean.

Hitzak norenak dira? Nor zaren aldarrikatzea, nondik idazten duzun, munduan nola kokatzen zaren esatea da plataforma bat eraikitzea zure ahotsari. Zuk zeure burua idaztea. Edozein bazterretatik ari denak sentitzen du bere burua definitu eta berrizendatzeko beharra. Bestela, hizkuntza bera botereak darabil errazen. Horregatik sortzen dira renombrar, resignificar, reapropiar bezalako kontzeptuak. Abiapuntuak dira beste gauza batzuez hitz egiteko.

-Gai ‘handiak’ lantzeko hasiera orri dira?

-Askotariko gaiak jorratu izan ditut orain arte. Liburuen inguruan gaien arabera hitz egiteko joera dago, eta askotan gaia bera ez da hain inportantea. ‘Hili’ liburua hiltzearen ideiari buruzkoa da, baina bada liburu bat poetikoa, filosofikoa, jolastia. ‘Poza’ eta ‘Besarkada’-rekin ere, berdin. Gehiago da zerbait kontatzeko premia edo bulkada sentitu eta ondoren pentsatu dudala ze forma, ze genero, ze ahots, ze tonu eskatzen duen. Lanean hasi, bide bat egin, eta gero erabaki forma.

-Orain zertan ari zara lanean?

-Xabiroi aldizkarirako komiki-gidoia idazten ari naiz Susana Martinekin batera, ‘Surflaria’ izenekoa, atalka argitaratzen ari dena eta album formatuan aterako dena 2023an. Bestetik, enkargu batekin ari naiz. Consonni, documenta fifteen-en harira, munduko 8 hizkuntzako 8 idazleren ipuin-bilduma ari da osatzen, auzolanaren kontzeptuaren bueltan. Tokian tokiko argitaletxe independiente banak argitaratuko dituzte, gero, hizkuntza horietan guztietan. Gaztelaniaz Consonnik, euskaraz Txalapartak, alemanieraz, ingelesez, arabieraz, mixez…

Gainera, anaia Anttonekin batera, ari naiz ipuin bilduma egiten, telesaila ere izango dena proiektuak aurrera egiten badu, ‘Ikusezinak’ izenekoa. Biologoa da bera, eta bion artean, Elkar argitaletxearekin batera, Lotura Filmsekin elkarlanean, bizitzaren historiaren une garrantzitsuenak kontatu nahi ditugu mikrioorganismoen ikuspegitik. 

-Nola prestatzen duzu zeure burua formatu hain desberdinetara moldatzeko?

-Gehien gustatzen zaidana da hori. Istorio bat kontatzeko beharra barrenetik sortzen zaizu, zeureagoa da, baina beste gauza batzuk egiten dituzu imajinatzen ez zenituenak. Adibidez, elkarlan edo eskaera bat dela eta, zeure burua pentsabide eta irakurketa berrietara eramaten duzu, eta horrek egiten zaitu idazleago, nire ustez.

Momentu batean etorkizuna imajinatu beharra izango ez banu enkargu batengatik, segur aski ez nioke nire buruari agentziarik emango halakorik egiteko. Horrek eramaten zaitu ikastera, beharra sentitzen duzu ikertzeko. Istorio bakoitzak abilidade bat zorroztera zarama.

Gero, zuzenketaren fasea, hiztegiarekin idazteko fasea… heltzen dira. Eta denak gozatzen ditut. Bide berriak ibiltzen saiatzen zara, eta zure inertziak ezagutzen dituzu, noranzko joera duzun, eta zer nahi duzun ekidin.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu