Veranos de la villa: ´Xarma´
Euskara. Kultura. Mundura.

-
24Uzt 2022
Madril
Veranos de la Villa jaialdiak kultur eta aisialdi proposamen ugariz beteko du Madrilgo uda. Horietako batzuek euskal kutsua izango dute eta Etxepare Euskal Institutuaren babesa dute. Esaterako, Oreka TX eta Txalapartek estreinatzen duten ‘Xarma’ diziplina anitzeko ikuskizunak.
Conde Duque zentroko Patio Nagusian ikusi ahalko den publiko guztientzako formatu handiko muntaia honek, "barruan daramatzagun haurrak" berreskuratu nahi ditu; urteekin galtzen den magia sentsazio hori berreskuratu.
Barrutik manipulatutako txotxongilo erraldoiek eta tamaina handiko jostailuek iruditeria magikoa osatzen dute, eta elementu eszeniko handi horiei konpainiaren ohiko bidelagunak gehitzen zaizkie: Kukai Dantzako dantzariak. Dantzaz gain, zirkua da giro oniriko hau sortzen laguntzen duen beste elementuetako bat: Berdinki konpainiaren aireko zirkua oihalean eta trapezio bikoitza, eta Xabier Larrea eta Gorka Pereiraren malabare eta baskula akrobatikoa.
Maika Etxekopar ameslari batek eskutik helduta eramango gaitu bere kantuarekin eta dimentsio magiko honetan barneratuko gaitu. Unibertso fantastiko batean bizi diren pertsonaiak, euren artean jolasten dira eta berriz jolastera gonbidatuko gaituzte, magian sinets dezagun.