Zinemaldia.cat 2020

Euskara. Kultura. Mundura.

Zinemaldia.cat 2020
  • 21
    Ots 2020
    01
    Mar 2020
    Bartzelona

Zinemaldia.cat euskal zinema jaialdiak, Bartzelonarekin urtero duen zitari leial eutsiz, 15. edizioa izango du aurten. Otsailaren 21ean emango dio hasiera aurtengo egitarauak, 11 film luze (horietatik 7 sail ofizialean) eta hainbat film ertain izango dituena, eta hiru lokalizazio izango ditu egoitza gisa: Euskal Etxea, Hizkuntza Eskola Ofiziala eta Girona zinemak.

Otsailaren 21ean Cinemes Girona aretoetan emango dio hasiera zinemaldiak. Bertan, Zauria(k) izeneko dokumentala eskainiko dute, zauriak, eromena eta gaixotasun mentalak ikuspegi feminista batetik lantzen dituen proiektua. 22an Euskal Etxera lekualdatuko da egitaraua, eta film ertainen txanda izango da: Anti, Erroitz, Sans Nom sarea eta Erraiak filmak emango dituzte eta, ostera, Napardeath komedia beltza.

Otsailaren 23an hainbat filmek partekatuko dute egitaraua Girona zinemetan: goizez, Lur eta Amets animaziozko filma; eta arratsaldez, batetik, Maddi Barberren Urpean Lurra dokumentala eta, bestetik, Fernando Bernuesen Soinujolearen Semea, biak zuzendarien presentziaz lagunduta. Halaber, 26an, Hizkuntza Eskola Ofizialean Fermin Etxegoienen Euskaltzaindia: egunak eta lanak dokumentala ikusi eta euskararen batasun prozesuari buruz hitz egingo dute.

Punka izango da protagonista Euskal Etxean otsailaren 27ko egitarauan. Hasteko, zineforuma egingo dute, “Punk is Dead” izenburupean, eta ostera Generación anti todo eta Los demenciales chicos acelerados. Euskadi y tal dokumentalak ikusiko dituzte zuzendarien presentziaz, Iñigo Cobo eta Kikol Grau hurrenez hurren, lagunduta.

Hilaren 28an, halaber, Hiru Uhinak dokumentala eskainiko dute Girona zinema aretoetan, Loïc Legrand zuzendariaren bisitarekin. 29a azken-aurreko eguna izango da, eta orduan ere dokumental bat izango da ikusgai: Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa, zuzendariak berak aurkeztuta. Zinemaldia.cat jaialdiaren aurtengo edizioa itxiko duen filma Agur Etxebeste! izango da, martxoaren 1ean emango dutena Cinemes Girona aretoetan.

Zauria(k), Lur eta Amets, Urpean Lurra, Soinujolearen Semea, Hiru Uhinak, Ez, eskerrik asko! eta Agur Etxebeste! filmak jaialdiko sail ofizialean lehiatuko dira. Egitarau osatua eta xehetasunak esteka honetan aurki daitezke.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu