Zortzi film laburrek osatuko dute Kimuak 2021 katalogoa

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-06-07

Kimuak programaren 24. edizioaren deialdira aurkeztutako 47 proposamenak aztertu eta gero, honako zortzi film hauek hautatu dira Kimuak 2021 katalogoa osatzeko: ‘Azaletik azalera’ (Mel Arranz), ‘Berak baleki’ (Aitor Gametxo), ‘Heltzear’ (Mikel Gurrea), ‘Inner Outer Space’ (Laida Lertxundi), ‘Resonancias (Oihartzunak)’ (Iñigo Aranburu), ‘Trumoiak’ (Iker Maguregi), ‘Ur azpian lore’ (Aitor Oñederra), eta ‘Zerua blu’ (Lur Olaizola). Etxepare Euskal Institutuak antolatzen du Kimuak programa, Euskadiko Filmategia Fundazioak kudeatzen duena Zineuskadiren laguntzarekin, eta, urtero bezala, euskal film laburren hautaketa hau nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ekimen garrantzitsuenetara bidaliko da, gaurtik hasita.

Aurtengo batzordea honako kideek osatu dute: Vanesa Fernández –ZINEBI, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko zuzendaria–, Ainhoa Fernández de Arroyabe –Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakaslea eta ikertzailea–, Víctor Lamadrid –Cantabria en Corto film labur sustapen-katalogoko arduraduna, Cantabria Film Commissioneko koordinatzailea eta Spain Film Commissioneko presidenteordea–, Alfonso López –Donostia Kulturako Zine Unitateko teknikaria eta Bang Bang Zinemako kidea– eta Ana Esperanza Redondo –Donostia Zinemaldiko Dokumentazio eta Film Departamentuko eta Hautespen Batzordeko kidea–.

Kimuak 2021 katalogo berriak genero nagusiak jasotzen ditu, hala nola fikzioa, sormenezko dokumentala, animazioa eta esperimentala. Hizkuntzei dagokienez, filmetako hiru euskara hutsean daude; bik euskara beste hizkuntzaren batekin uztartzen dute (euskara eta ingelesa batek; euskara, frantsesa eta ingelesa, besteak); bat gaztelaniaz egina dago eta beste bat gaztelaniaz eta txineraz; azken batek ez dauka elkarrizketarik.

Honako hauek dira zortzi film laburren inguruko xehetasunak:

  • ‘Azaletik azalera’, Mel Arranz: Animazio esperimentala, elkarrizketa barik.
  • ‘Berak baleki’, Aitor Gametxo: Fikzioa, euskaraz.
  • ‘Heltzear’, Mikel Gurrea: Fikzioa, euskaraz.
  • ‘Inner Outer Space’, Laida Lertxundi: Esperimentala, euskaraz eta ingelesez.
  • ‘Resonancias (Oihartzunak)’, Iñigo Aranburu: Fikzioa, gaztelaniaz.
  • ‘Trumoiak’, Iker Maguregi: Fikzioa, euskaraz.
  • ‘Ur azpian lore’, Aitor Oñederra: Animazioa, gaztelaniaz eta txineraz.
  • ‘Zerua blu’, Lur Olaizola: Sormenezko dokumentala, euskaraz, frantsesez eta ingelesez.

 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu