Zortzi sari eraman dituzte euskal zinemagileek Goya sarietan

2021/03/08

Euskara. Kultura. Mundura.

Azken urteotako joerari jarraiki, euskal zinemak sari ugari jaso ditu Goya sarietan. Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak zortzi garaikur eman dizkie ‘Ane’ eta ‘Akelarre’-ri. Azken hau izan zen, gainera, filmik sarituena. Pablo Agueroren filmak bost Goya sari jaso zituen: efektu berezi onenak, makillaje eta ile-apainketa onenak, jantzien diseinu onena, musika original onena eta zuzendaritza artistiko onena. ‘Ane’ filmak berriz, hiru sari jaso zituen. Emakumezko aktore protagonista onenaren saria eman diote Patricia Lopez Arnaizi eta emakumezko aktore berri onenarena Jone Laspiurri. David Perez Sañudok zuzendutako filmak gidoi egokitu onenaren saria ere irabazi zuen.

Bi euskal film sarituenak euskaraz filmatutako filmak dira. Gainera, emakumezko aktore onenaren saria euskarazko film bateko protagonistari eman dioten lehen aldia da.

Malagan egin dute, pasa den asteburuan, koronabirusaren aurkako neurriek baldintzatutako Goya sarien gala. Ekitaldiaren 35. edizioko aurkezleak Antonio Banderas aktorea eta Maria Casado telebistako aurkezleak izan dira.

‘Akelarre’ filmagatik saritutakoen artean daude: Mikel Serrano, zuzendaritza artistiko onenagatik; Nerea Torrijos, jantzien diseinu onenagatik; Beatushka Wojtowick eta Ricardo Molina, makillaje eta ile apaintze onenengatik, eta Mariano Garcia Marty eta Ana Rubio, efektu berezi onenengatik.

‘Ane’-ri dagokionez, emakumezko aktorerik onenaren saria irabazi du Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarrak, Jone Laspiurrek emakumezko aktore berririk onenarena, eta filmaren hirugarren saria, berriz, David Perez Sañudo zuzendariak eta Marina Paresek, gidoi egokiturik onenagatik.

Saririk eskuratu ez zuten arren, izendapena jaso zuten, baita ere, hurrengo euskal ekoizleek: Juanma Bajo Ulloak, zuzendaritzarik onenaren sarirakoa, ‘Baby’ filmagatik; Koldo Uriarte eta Bingen Mendizabalek, jatorrizko musikarena, ‘Baby’ filmagatik ere bai; Ana Sernaren eta Paula Iglesiasen Solo son peces’ filma dokumental laburrik onenaren sarirako izendatu zuten, eta Alberto Vazquezen ‘Homeless Home’, aldiz, animaziozko lan laburrik onenarenerako. 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu