Bestalde, euskal kulturaren kanpo-proiekzioa indartzeko, karga administratiboa murriztuko da, ziurgabetasuna minimizatuko da eta laguntzetara bideratutako aurrekontu orokorra % 15 handituko da. Berrikuntza gisa, aurten abesbatzentzako eta euskal dantza taldeentzako laguntza lerro berri bat jarri da martxan. Halaber, Etxeparek nazioarteko proiekzioa duten euskal kultur erakundeekin sinergiak sustatuko ditu eta euskal sorkuntza garaikidearen presentzia bultzatzen jarraituko du lehen mailako jaialdi eta zirkuituetan. Literaturari dagokionez, Institutuak liburu baten nazioartekotze prozesuaren fase bakoitzean eragitea eta laguntzea, eta honela euskal literaturak munduko argitalpen-zirkuitu nagusietan duen presentzia indartzea.
Era berean, nazioarteko eragileen eta euskal ekosistema artistikoaren arteko loturak sendotzea helburu duen ZABAL programari jarraipena emango zaio. Aurten Carnegie Internationaleko komisarioen bisita burutu da, eta datozen hilabeteetarako gehiago daude aurreikusita.
Azkenik, eremu frankofonoan euskal kulturaren presentzia indartzeko helburuarekin datozen lau urteetan zehar garatuko den “Ça colle au basque” ekimenaren baitan aurreikusitako jarduerak aurkeztu dira batzarrean.
Patronatoko kideak
Patronatua Etxepare Euskal Institutuko organo errektoreetako bat da. Bere eginkizunen artean honako hauek nabarmentzen dira: jarduteko lehentasunak proposatzea, aurrekontua, plan orokorrak edo institutuaren jarduerak aldez aurretik ezagutzea eta informatzea.