2026ko patronatuaren bilera

2026/07/22

Euskara. Kultura. Mundura.

Lehendakaritzaren egoitzan ospatu da, uztailak 21, Etxepare Euskal Institutuko Patronatuaren bilera, Imanol Pradales lehendakaria buru izan dela. Halaber, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendari nagusia izan dira bertan. Bileran, Etxepare Euskal Institutuak datozen hilabete eta urteetan izango dituen lan-ildo estrategikoak aurkeztu dira, hiru ardatz nagusitan oinarrituta: euskararen erreferentzialtasuna, euskal sorkuntzaren ezagutza eta ospea, eta kultur diplomazia.

Euskararen erreferentzialtasuna sustatzea

Euskararen alorrean Etxepare Euskal Institutuak bere presentzia indartuko du eskura dituen sareen bitartez. Euskal gizataldeak ardatz dituen Euskara Munduan programaren baitan, esaterako, euskara eskolak sendotuko ditu Ipar Amerikan, euskara ikasleak irakasle gisa trebatzeko programa berria martxan jarriz. Euskararen irakaskuntza irakurletza sarearen bitartez ere indartuko da, eta euskal programa duten ikerketa-programa berriak aurkeztu dira: Buenos Aireseko UNSAM, Boiseko BSU eta University of Massachussetts Amherst unibertsitateetan. Halaber, unibertsitate-sarearen baitan, Esther Ferrer Katedra abiatuko da 2026-2027 ikasturtean Parisko Sorbonne unibertsitatean.

Euskal sorkuntzaren ezagutza eta prestigioa handitzea

Euskal kulturaren kanpo proiekzioa sustatzea xede, euskal sortzaile eta eragileen nazioarteko zabalkundera eta ahalduntzera bideratutako dirulaguntzen berri eman da  bileran. Besteak beste, 615.000 euroko zuzkidura izango dute AT! Mugikortasuna deritzen dirulaguntzek, eta 76.000 euro bideratuko dira itzulpengintza jardueretara. Euskal eragileen nazioarteko ekimenak bultzatzeko eta laguntzeko, batetik, eta puntako jaialdi eta programazioetan euskal leihoak irekitzeko, bestetik, 25 eta 62na egitasmo babestea aurreikusten da, hurrenez hurren. Halaber, euskal kultura frankofoniaren eremuan sustatzea xede duen ‘Ça colle au basque’ ekimena aurkeztu zaie patronatuko kideei. Ekimen horren baitan, besteak beste, euskarazko literatura frantsesera itzuli, argitaratu eta zabaldu dadin ondutako plan editoriala izan dute hizpide, zeinaren bitartez 2025. eta 2026. urteetan  euskaraz idatzitako 9 liburu frantsesera itzuli eta argitaratu diren, zein argitaratze bidean dauden.

Kultur diplomazia

Etxepare Euskal Institutuak Europako hainbat foro eta saretako kide gisa hartzen du parte, eta hein berean euskal kultura eta sorkuntza garaikideari buruzko kontakizuna taxutzen dihardu. Hala, basqueculture.eus erakusleihoko euskarri eta eduki ezberdinek osaturiko lagin bat ezagutarazi zaie bileran izan direnei. Bukatzeko, 2026ko maiatzean Veneziako Biurtekoaren testuinguruan Italiako hirian izandako euskal partaidetzaren berri eman zitzaien, memoria eta euskal sorkuntza garaikidea uztartzen zituen I Baschi alla Biennale 1976/2026 programa akuilu hartuta.

Patronatuko kideak

Patronatua Etxepare Euskal Institutuko organo errektoreetako bat da. Bere eginkizunen artean honako hauek nabarmentzen dira: jarduteko lehentasunak proposatzea, aurrekontua, plan orokorrak edo institutuaren jarduerak aldez aurretik ezagutzea eta informatzea.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>