Deustuko Unibertsitateak eta Etxepare Euskal Institutuak lankidetza-hitzarmena sinatu dute euskara eta euskal kultura sustatzeko

2026/06/03

Euskara. Kultura. Mundura.

Deustuko Unibertsitateak eta Etxepare Euskal Institutuak lankidetza-hitzarmen marko bat sinatu dute eremu akademikoan, kulturalean eta sozialean euskara eta euskal kulturaren sustapena eta zabalkundea indartzeko helbururekin. Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, eta Juan José Etxeberria, Deustuko Unibertsitateko errektoreak gaur berretsi dute elkarlanerako akordioa Donostian.

Lankidetza honen bidez bi erakundeek indarrak batuko dituzte prestakuntza- eta kultura-jarduerak antolatzeko, ikerketa- eta sorkuntza-proiektuak bultzatzeko, kultur eragileen eta unibertsitate-komunitatearen arteko topaguneak sortzeko, eta euskararen zein euskal kultur sorkuntzaren nazioarteko proiekzioa indartzeko ekimenak garatzeko.

Hitzarmenak bost urteko indarraldia izango du, eta bost urteko aldietan luzatu ahal izango da. Epe horretan, bi erakundeek ezagutza-trukea, jardunbide egokien transferentzia eta beren misio instituzionalekin bat datozen ekimen partekatuak garatzea ahalbidetuko duten lankidetza-sareak eta lan-dinamikak sustatuko dituzte.

Sinaduran izan dira ere, halaber, Monika Madinabeitia, Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria; Ane Ferran, Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko dekanoa eta Larraitz Ariznabarreta, Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuko zuzendaria. Hain zuzen ere, Euskal Gaien Institutuak bideratu du bi erakundeen arteko lankidetza hau.

1974an sortu zenetik, Euskal Gaien Institutuak euskararen eta euskal kulturaren inguruko ikerketa, hausnarketa eta ezagutza sustatzeko erreferentziazko gune akademikoa izateko bokazioa izan du.  Ikuspegi diziplinarteko eta konparatibotik, eta tokiko nahiz nazioarteko erakundeekin elkarlanean, sare akademikoak ehuntzen eta sendotzen ditu, ikerketa sustatuz eta sortutako ezagutza gizarteratuz.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>