Suns Europe 2026: ADUR + RTZ

Euskara. Kultura. Mundura.

  • 02
    Urr 2026
    10
    Urr 2026
    Udine

ADUR eta RTZ taldeek SUNS Europe jaialdian hartuko dute parte aurten, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin. Europako hizkuntza gutxituetan sortutako musika, zinema eta literatura biltzen dituen jaialdia urriaren 2tik 10era egingo da Udinen eta Friuli eskualdeko beste hainbat tokitan.

ADUR urriaren 3an arituko da SUNS Europen. Bilboko rave-punk bikoteak euskal folklorea eta musika garaikidea uztartzen ditu, subgrabe bortitzak, gitarra punkiak eta oihuak nahastuz. Aurten bere lehen disko luzea aurkeztuko du, PUNK < RAVE.

RTZ urriaren 9an arituko da jaialdian. Urtebeteko etenaren ondoren, taldea EDEN lanarekin itzuli da: hamasei kantuz osatutako diskoak paradisuaren eta infernuaren arteko dualtasuna lantzen du, rapa abiapuntu hartuta baina beste genero batzuetara ere zabalduz.

RTZ, gainera, SUNS Europe 2026ko musika ataleko hautatutako zazpi artisten artean dago, Momi, Prokriva Nočiva, Zeltia Irevire, Andrea Andrillo, Ölivias eta Gwen artistekin batera. Hautatutako proposamenek Europako hizkuntza gutxituen aniztasuna erakusten dute: friuliera, esloveniera, galegoa, sardiniera, katalana, euskara eta galesera izango dira, besteak beste, jaialdiaren amaierako kontzertuan entzungai. Zazpi artistak urriaren 10ean, Udinen, arituko dira.

SUNS Europe

SUNS Europe Europako hizkuntza gutxituetako sorkuntzari eskainitako jaialdia da. Musika, zinema eta literatura garaikidea biltzen ditu, eta hizkuntza-komunitate ezberdinetako artisten arteko topaketa eta trukea sustatzen du.

Etxepare Euskal Institutuak hainbat urte daramatza SUNS Europerekin elkarlanean euskarazko sorkuntzaren nazioarteko presentzia sustatzeko; aurreko edizioetan, besteak beste, Verde Prato izan da jaialdian.

Euskal musikari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>