ADUR eta RTZ, SUNS Europe 2026 jaialdian
2026/09/21
ADUR eta RTZ taldeek SUNS Europe 2026 jaialdian hartuko dute parte Udinen, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin.
Euskara. Kultura. Mundura.
ADUR eta RTZ taldeek SUNS Europe jaialdian hartuko dute parte aurten, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin. Europako hizkuntza gutxituetan sortutako musika eta beste arte-adierazpen batzuk biltzen dituen jaialdia urrian egingo da Udinen eta Friuli eskualdeko hainbat tokitan. Etxepare Euskal Institutuak hainbat urte daramatza jaialdiarekin elkarlanean euskarazko sorkuntzaren nazioarteko presentzia sustatzeko.
ADUR urriaren 3an arituko da jaialdian, eta RTZk urriaren 9an eskainiko du bere emanaldia. Bi kontzertuek euskaraz sortzen den musika garaikidearen bi ikuspegi ezberdin eramango dituzte Friulira. ADURen kontzertuari buruzko informazioa hemen eta RTZrenari buruzkoa hemen kontsulta daiteke.
ADUR
Bilboko ADUR rave-punk bikoteak euskal folklorea eta musika garaikidea uztartzen ditu, subgrabe bortitzak, gitarra punkiak eta oihuak nahastuz. Aurten taldeak bere lehen disko luzea aurkeztuko du, PUNK < RAVE.
RTZ
Urtebeteko etenaren ondoren, RTZ EDEN disko berriarekin itzuli da. Hamasei kantuz osatutako lanak paradisuaren eta infernuaren arteko dualtasuna aztertzen du, Eden lorategia abiapuntu hartuta. Rap musikan oinarritzen bada ere, beste genero batzuetara ere zabaltzen da.
Diskoan Amaia Hiriart (HABIA) biolontxeloan, Haize Carricaburu (MEZKLAA) ahots eta pianoan eta Romain Larregaine (TITAN) gitarra elektrikoan aritu dira; Plouf & Foen talde bretoiarekin egindako kolaborazio bat ere badu.
SUNS Europe
SUNS Europe 2009an sortu zen Alpeetako hizkuntza-komunitate gutxituen arteko topaketa gisa, eta 2015etik aurrera Europa osoko hizkuntza gutxituetan sortutako musikaren, arte eszenikoen, zinemaren eta literaturaren arteko elkartrukerako gune bihurtu zen. Jaialdiak sorkuntza garaikidea lehenesten du, eta hizkuntza gutxituak ez ditu soilik tradizioarekin edo folklorearekin lotzen, baizik eta etengabeko bilakaeran dauden kultura bizien adierazpide gisa.
Etxepare Euskal Institutuak hainbat urte daramatza SUNS Europerekin elkarlanean. Azken edizioetan, besteak beste, Verde Prato, MICE eta Niña Coyote eta Chico Tornado izan dira jaialdian parte hartu duten euskal artistak.