Suns Europe 2026: deialdia zabalik
2026/06/02
Suns Europe 2026ko musika-deialdia zabalik dago. Hizkuntza gutxituetan sortzen duten talde eta bakarlariek uztailaren 15era arte aurkez dezakete hautagaitza.
Euskara. Kultura. Mundura.
Zabalik dago Italiako Udine hirian eta Friuli eskualdean 2026ko urrian egingo den Suns Europe jaialdian parte hartzeko deialdia. Etxepare Euskal Institutuaren laguntza jasotzen duen jaialdi honek Europako hizkuntza gutxituak ditu ardatz, eta musika zein arte eszenikoak sustatzea du helburu.
Ireki berri den deialdia musika-proposamenei zuzenduta dago soilik, eta hizkuntza gutxituetan sortzen duten taldeek eta bakarlariek aurkez dezakete hautagaitza. Izena emateko epea uztailaren 15ean amaituko da. Deialdiaren oinarriak eta izen-emateari buruzko informazioa hemen kontsulta daitezke.
Parte-hartzaileak Suns Europe-eko Batzorde Artistikoak aukeratuko ditu, eta ebazpena abuztuaren 15a baino lehen jakinaraziko zaie hautagaiei.
Hautatutako artistek urriaren 10ean egingo den jaialdiaren itxiera-ekitaldian joko dute zuzenean.
Azken urteotan, besteak beste, Verde Prato, MICE eta Niña Coyote eta Chico Tornado izan dira jaialdian parte hartu duten euskal artistak.
Suns Europe
Suns Europe 2009an sortu zen, Alpeetako komunitate gutxituen arteko topaketa gisa, baina 2015etik aurrera jaialdiaren helburua zabaldu zuten, eta jaialdia Europa osoko hizkuntza gutxituetan sortutako musikaren, arte eszenikoen, zinemaren eta literaturaren arteko elkartrukerako topagunea bihurtu zen. Musika atalak musika-ekoizpen originalenak eta berritzaileenak ikusaraztea du helburu.
Urtero, SUNS Europek hizkuntza gutxituetan sortutako produkzio artistikorik onenak saritzen ditu. Jaialdiaren helburua hizkuntza komunitate txikien sektore kultural eta sortzaileak indartzea da, batez ere hizkuntza horietan egindako arte garaikidea sustatzeko. Horren harira, hizkuntza gutxituen berme diren beste hainbat jaialdik ez bezala, Suns Europek kultura horiek ez ditu tradizio eta folklore moduan ulertzen, baizik eta etengabeko bilakaeran eta eraberritzean oinarritutako elementu moduan.