Bernardo Atxagak Portugalgo FÓLIO literatura-jaialdian parte hartuko du

Euskara. Kultura. Mundura.

Bernardo Atxagak Portugalgo FÓLIO literatura-jaialdian parte hartuko du
  • 08
    Urr 2026
    18
    Urr 2026
    Óbidos

Bernardo Atxaga idazleak FÓLIO – Festival Literário Internacional de Óbidos jaialdiaren 11. edizioan parte hartuko du, Etxepare Euskal Institutuaren eta Lisboako Cervantes Institutuaren laguntzarekin.

Urriaren 10ean, 16:30ean, Atxagak María Sánchez idazlearekin solas egingo du Estivemos aqui, um dia estivemos vivos aqui (Hemen izan ginen, egun batean hemen bizirik izan ginen) izeneko saioan, Patrícia Portela idazle portugaldarrak gidatuta. Topaketa Óbidoseko Livraria de Santiago liburu-dendan izango da, FÓLIO Mais programaren barruan.

Aurten, Para Além da Pele (Azaletik harago) izango da jaialdiaren leloa. Literaturaren eta artearen bidez, gorputzari, memoriari, lurraldeari eta giza harremanei buruzko hausnarketa sustatuko du jaialdiak.

Bernardo Atxagaren obra portugesez

Bernardo Atxagaren hainbat lan portugesera itzuli dira, besteak beste, Obabakoak (Quetzal Editores, 1992), Gizona bere bakardadean (O Homem Só, Dom Quixote, 1998), Behi euskaldun baten memoriak (Memórias duma Vaca, Terramar, 1999) eta Zazpi etxe Frantzian (Sete Casas em França, Faktoria K de Livros, 2018). Argitalpen horiek Atxagaren literaturak Portugalgo irakurleengana egindako ibilbidea erakusten dute.

BASQUE. BOOKS.: euskal literatura mundura

Bernardo Atxagaren nazioarteko ibilbidearekin bat eginez, BASQUE. BOOKS. plataformak euskal literaturaren nazioartekotzea sustatzen du, idazleen, argitaletxeen eta literatura-eragileen arteko harremanak bultzatuz. Etxepare Euskal Institutuak euskal literatura beste hizkuntza batzuetara itzultzeko eta nazioartean zabaltzeko garatutako tresnak eta baliabideak biltzen ditu plataformak, besteak beste, literatura-lagin itzuliak, argitalpen-eskubideei buruzko informazioa eta itzulpenerako laguntzak.

Euskal literaturari buruz gehiago jakin nahi?

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>