ENLIT literatur itzulpengintza sareko kide izendatu dute Etxepare Euskal Institutua

2025/10/23

Euskara. Kultura. Mundura.

Literatur Itzulpengintzarako ENLIT European Network for Literary Translation Europako sareak, urtero Frankfurteko Liburu Azokaren testuinguruan antolatzen duen zuzendaritza-kontseiluaren bitartez, Etxepare Euskal Institutua sareko kide izatea adostu du iragan urriaren 17an.

ENLIT literatur itzulpengintzaren sektorea sustatzeko nazioarteko irabazi asmorik gabeko Europako sarea da, zeinaren kideek itzulpengintza babesteko programen aldeko apustua egiten duten, Europako literatur sistemek dagokien herrialde, eskualde, zein nazioartean ikusgarritasun handiagoa izan dezaten. Hala, Europan eta Europaz harago taxutzen ari den literatur paisaia bizi, anitz eta irisgarria du helburu ENLITek, literaturaren balio-kate osoa —itzultzaileak, idazleak, argitaletxeak, liburu-saltzaileak, irakurleak— akuilu duelarik. Bere xedea bideratzeko, egitura osatzen duten kideen arteko informazio-trukea sustatzen du, ikerketan eta datu-bilketan baliabideak ezartzen ditu, eta lankidetza-proiektuak gauzatzen ditu, besteak beste.

Etxepare Euskal Institutua ENLIT sareko kide izateak Europan zehar ordezkatuta dauden egituren, herrialdeen eta hiztun-komunitateen liburu-sisteman euskal liburugintza ezagutzera emateko aukera eskainiko du. Halaber, euskal literatur itzulpengintzaren zabalkunderako programak nazioarteko foroan aurkeztuko ditu eta gainerako kultur egituren itzulpengintza-jarduerak bertatik bertara ezagutu ahal izango ditu Etxepare Euskal Institutuak. Gaur egun, liburuaren sektoreak, sortzaileek eta itzultzaileek parez pare dituzten erronken inguruan hausnartu eta horiei heltzeko plataforma bat eskainiko dio ENLITek Etxepare Euskal Institutuari, jardunbide egokiak mahaigaineratuz.

Frankfurt, euskal letren erakusleiho

Mundu mailako literatur hitzordu nagusia da Frankfurteko Liburu Azoka. Aurten, 7.200 erakusketari bildu ditu eta 270.000 lagun inguru erakarri. Euskal literaturak ere izan du berezko tokirik azokan, Basque. Books. markaren eskutik, haren standean izan baitziren, besteak beste, Euskadiko Editoreen Elkartea, Euskal Editoreen Elkartea, Euskal Ilustratzaileak, Euskadiko Idazleen Elkartea eta Etxepare Euskal Institutua. Egitarauari dagokionez, Frankfurteko Liburu Azokan parte hartu zuten Higinia Garay eta Asier Iturralde euskal ilustratzaileek. Hain zuzen ere, urriaren 15ean euskal komikiari buruzko mintegian parte hartu zuten bi sortzaileek, ´Komikia Euskadin, gertuko eta urruneko istorioak´ izenburupean. Horrez gain, Katixa Agirre euskal idazlearen ‘Amek ez dute’ liburuaren arabierazko itzulpenak, Etxepare Euskal Institutuak diruz lagundua izan dena, argia ikusi du Frankfurteko Liburu Azokan.

Euskal literaturari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>